Keinu txikietatik abia daiteke merkataritza lagunkoia

Askoren artean partekatutako ardura da hiria adinekoentzat erosoagoa izatea./
Askoren artean partekatutako ardura da hiria adinekoentzat erosoagoa izatea.

Aulki bat eskura jartzea, produktuak letra handiagoz etiketatzea edo saltokirako sarbidea erraztea oso lagungarria da adineko bezeroentzat. Horretan ari dira Donostiako eta beste herri batzuetako merkatariak

Matia Fundazioak abiarazitako eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak sustatutako Euskadi Lagunkoia ekimenaren helburua da, oro har, herriak eta herritarrak izan daitezela adinekoekiko lagunkoiak, erraztu diezaietela bizitza, «zahartu ahala nork bere bizimodua izaten jarraitu ahal izateko».

Hitz gutxitan laburtzen den helburu hori garatzeak zenbait gauza aldatzea eta beste era batera egitea eskatzen duenez, beharrezkoa da eragile desberdinen konpromisoa, eta ezinbestekoa lankidetza. Gipuzkoan, 19 udalerri bildu dira herri lagunkoien sarera (guztira 54 dira EAEn), eta horietan guztietan urratsez urrats doa aurrera egiten egitasmoa.

Donostian, esate baterako, merkataritza lagunkoirako estrategiak abiarazten ari dira, merkatarien elkarteen parte-hartze aktiboarekin. Adinak berezkoak dituen arazoak (ikusmena eta entzumena murriztea, mugikortasun-arazoak, narriadura kognitiboa…) konpontzera bideratutako ekintzekin hasi da orain abiarazi den programa, saltokietan keinu txikiak eginez, hala nola aulki bat eskura jartzea, produktuak letra handiagoz etiketatzea eta saltokirako sarbidea erraztea.

Donostiako alkate Eneko Goiaren ustez, «gure hiria adinekoekiko ingurune lagunkoi bat konfiguratzeko egiten ari den bidean kokatzen da ekimena, eta Donostia Lagunkoia programaren bultzada ari da jasotzen«. Alkateak antzeko beste ekimen batzuk ere gogorarazi ditu, hala nola Botikarien Elkargoarekin egindakoa, farmaziak ere ingurune lagunkoi bihur daitezen. »Haiekin batera, lortzen ari gara, pixkanaka, Donostia aitzindari izan dadin adinekoek egunerokoan dituzten beharrak artatzearen esparruan«. Goiak eskerrak eman dizkie merkatariei »ekimen honetan beren harri-koskorra jartzeagatik. Ekimen honekin, lortuko dugu denek ingurune lagunkoiagoak aurkitu ditzaten, haien bizitza errazagoa izan dadin«.

«Lortzen ari gara, pixkanaka, Donostia aitzindari izan dadin adinekoek egunerokoan dituzten beharrak artatzearen esparruan» eneko goia, donostiako alkatea

«Hiriko merkataritzak erakusten du lehiakorra izateaz gain konprometituta dagoela donostiarrekin, batez ere adinekoekin» ernesto gasco, donostiako alkateordea

Ernesto Gasco alkateordeak adierazi zuenez, «Alkateordetzako merkataritza-sailean jakitun gara biztanleria zahartzen ari dela pixkanaka, eta, ondorioz, zenbait ekimen proposatu ditugu, Donostiako merkataritzarekin lankidetzan, Lagunkoia proiektuaren baitan zerbitzu horiek hobetzen laguntzeko. Ekimen honekin, hiriko merkataritzak erakusten du ezen, lehiakorra izateaz gain, konprometituta dagoela donostiarrekin, batez ere adinekoekin, arreta berezia behar baitute eguneroko ekintzetan».

2015ean, Donostiako Udalak, Donostia Lagunkoia Hiri Planaren baitan, APTESen lankidetzarekin, diseinu sozialerako prozesu bati ekin zion, adinekoei komunitate-laguntza emateko sareak sortzeko. Ekimen hori Donostia Lagunkoiaren diagnostiko- eta plangintza-prozesuan parte hartu zuten adinekoek proposatuta sortu zen, eta adinekoei arreta ematean eta haiek zaintzean jartzen du arreta, bereziki laguntza- edo zaintza-beharra agertzen denean. Laguntza-sarea 'Zaintzen duen komunitate baten' proiektu gidaria da, zenbait motatako eragileekin lagunkoitasun-prozesuak garatzen dituen Hiri Planaren ardatza, adinekoei laguntza, arreta eta aintzatespena bermatuko dizkien hurbileko lankidetza-mekanismoak eta -sareak aktibatzeko, eta, hala, haien bizi-kalitatea hobetzeko.

Elkarteen parte-hartze aktiboa

Zahartzen garenean, hurbileko merkataritza bereziki garrantzitsu bihurtzen da gizarte-ehun baten zati gisa, zeinak, produktuen eta zerbitzuen kalitatea bermatzeaz gain, askotan harreman sozialen katalizatzaile gisa jokatzen baitu, gure kale eta auzoak humanizatuz eta haiei profil propioa emanez.

Donostiako Sustapenak —udal sail hori Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoaren mende dago, eta Donostiako merkataritza lagunkoiaren ekimenaren buru da—, hiriko merkatarien elkarteekin batera (San Sebastian Shops, Auzoa, Dendass, Merkataritza Federazioa eta Zaharrean), ebaluatu du zenbaterainoko interesa dagoen Donostian ekimen hori bultzatzeko. Elkarteek hasieratik erakutsi dute ekimenarekiko interesa, eta beren bazkideen parte-hartze aktiboa eskaini dute adinekoen bizitza erraztuko duten neurriak inplementatzeko. Hala, une honetan, hiriko saltokiek informazioa dute adinekoekiko ingurune lagunkoiak sustatzen dituzten neurriak inplementatzeko beren saltokietan. Gainera, egiaztatu da saltoki askok jada askotariko ekintzak egiten dituztela behar duten adinekoei laguntzeko, nahiz eta halako jardunbideak ez dauden egituratuta eta ikusgaitasuna falta zaien.

Merkataritza Lagunkoia ekimenaren berri emateko, komunikazio-kanpaina bat egingo da, helburu honekin: lagunkoitzat jo diren eta Donostiako saltokietan jada egiten diren jardunbideak ikusaraztea eta aintzatestea. Horretarako, lau bideo sortu dira, zeinek, adibide gisa, beste horrenbeste jardunbide erakutsiko baitituzte, eta sare sozialetan zabalduko baitira ekimena ezagutzera emateko eta harekiko interesa pizteko, halako jardunbideak egiten dituzten saltokiei ikusgaitasun handiagoa emateko, beste saltoki batzuk inspiratzeko eta lagunkoitasun-prozesuetan interesa duten pertsonekin emozionalki konektatzeko.

Iragarkietan, benetako egoerak, benetako saltokiak eta benetako adinekoak eta merkatariak agertzen dira, eta apirilean hasiko dira zabaltzen. Kanpainak #lagunkoia hashtag-a izango du, parte hartzen duten erakundeen kontuetatik ekimena sustatzen laguntzeko eta haren zabalkundea eta biraltasuna indartzen laguntzeko. Horrez gain, saltokien eta herritarren inplikazioa bilatuko da. Horretarako, ezagutzen dituzten eta adinekoekiko lagunkoitzat jotzen dituzten jardunbideak erakusten dituzten bideoak edo argazkiak hashtag horrekin partekatu ditzaten adoretuko dira.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos