Diario Vasco

Egungo Txina, hurbilago Donostian

Jesus Ferrero idazleak asteazkenean hartuko du parte jardunaldietan.
Jesus Ferrero idazleak asteazkenean hartuko du parte jardunaldietan. / DV
  • 'Ekialdea hurbiletik' ekimenak hainbat ekitaldi antolatu ditu hurrengo egunotarako

Garrantzi eta presentzia handia du Txinak gure eguneroko bizitzan, askotan ohartzen ez bagara ere. Txina, hain zuzen, urrutikoa zaigu, eta urruntasun hori gainditzeko eta egungo Txinari hurbilketa bat egiteko hainbat ekitaldi antolatu ditu 'Ekialdea hulbiletik' ekimenak, Donostia Kultura eta Koldo Mitxelena kulturunearen laguntzaz.

«Txina eta inguruko herrialdeek 'urruntasunaren irudia' osatzen dute gure iruditegian XV. mendean abiatutako globalizazio prozesuan Europako potentziek bertan aurkitu zutelako inon ez besteko erresistentzia. XIX. eta XX. mendeetan zehar Txina bilakatu zen 'azken muga'», gogoratu dute antolatzaileek. Hala ere, XXI. mendean mapa geopolitikoa zeharo aldatu da berriro, eta oso ohikoak dira munduko ekonomian Txinak jokatzen duen paperaren inguruko berriak. «Askoz zailagoa egiten zaigu, halere, bizirik dirauen munduko zibilizazio zaharrenaren gako sakonetara hurbiltzea», diote. Hain zuzen ere, «hori izango da egun hauetako hurbilketaren xedea: identifikagarriak al zaizkigu haien parametroak? Zertan gara berdin eta zertan ezberdin? Zein lirateke elkar ezagutza eta hurbilketarako gakoak? Zein erronken aurrean jartzen gaitu Txina garaikideak?».

Hurbilketa joan den astean hasi zen, Donostiako Okendo eta Ernest Lluch kultur etxeetan. Bi gune horiek hainbat ekitaldi hartu zituzten, hala nola XX. mendeko Txinako emakume poeten lanen errezitaldi musikatuak edo Jia Zhangke zuzendari ezagunaren zenbait filmen aurkezpena.

Astelehen honetatik aurrera Koldo Mitxelena Kulturuneak hartuko du lekukoa, ostiralean mahainguru batez itxiko den hitzaldi zikloarekin. Hitzaldi denak 18:30ean hasiko dira, eta aurrenekoa, astelehen honetan, hilak 13, Rafa Egigurenek eskainiko du, euskaraz, 'Orientabide batzuk' izenburuarekin.

Euskaraz izango da halaber hilaren 14ko hitzaldia. Asteartean, hain zuzen, 'Gorputzaren geografiak Txinan eta hemen' gaiaz mintzatuko da Juan Gorostidik.

Asteazkenean, hilak 15, Jesús Ferrero idazle ezagunak emango du hitzaldia, gaztelaniaz. 'El problema de la identidad: la vida errante de Cai Wenji, poetisa china del siglo III', da saiorako hautatu duen gaia.

Gaztelaniaz izango da halaber osteguneko (otsailak 16) hitzaldia. Iñaki Preciadok 'Las sorprendentes mutaciones de la China contemporánea' gaia izango du hizpide. Ostiralean, otsailak 17, Koldo Mitxelenako hitzaldi-sortari mahainguru batek emango dio amaiera, eta Marina De Franceschiren gidaritzapean, 'Ekialde Urruna, hurbiletik' gaiaz ariko dira hizlariak.

Amaitu, baina, larunbatean, otsailak 18, amaituko da Txinarekiko hurbilketa Ernest Lluch kultur etxean, 19:00, Beñat Axiari (ahotsa) eta Didier Laserrek (perkusioa) emango duten 'Zerutik Urrun' kontzertuarekin.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate