Diario Vasco

Beste bi hirik senidetu nahi dute Donostiarekin

  • Batzorde tekniko batek koordinatuko ditu nazioartekotze estrategia eta senidetutako sareekiko harremanak

Donostiako Udalak Senidetzeen Batzordea eratu du, alkateak udal taldeetako bozeramaleekin izandako bileran. Eneko Goia Alkatea buru duen batzordearen zeregina izango da, alde batetik, egun senidetuta dauden hiriekin dauden harremanak argitzea eta, bestetik, jasoko diren senidetze proposamen berriak aztertzea.

Bi dira, zehazki, Donostiarekin senidetzea eskatu duten hiriak: Versalles hiri frantsesa -2017an Donostiara bisita egingo du bere alkateak-, eta Kaliforniako La Cañada-Flintridge hiria. Halaber, Puteaux hiri frantsesak eta Japongo Onomichi hiriak gipuzkoar hiriburuarekin harreman estua izateko gogoa adierazi dute.

Bestalde, bilera horretan adostu da udal komisio tekniko batek lideratu eta koordinatuko dituela hiriko senidetzeak indartzeko egingo diren harremanak eta ekimenak. Komisio hori Kulturako, Hezkuntzako eta Gazteriako ordezkariek osatuko dute bai eta Donostia Turismo eta Donostiako sustapeneko udal entitateetako ordezkariek ere.

Alkateak azaldu du komisio horrek Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren legatuaren zati bat jasoko duela, zehazki, hiriaren nazioarteko posizionamendua bultzatu duten ekimenek sortutakoa.

Zentzu horretan, Goiak adierazi du hiriaren senidetzeak «Donostia nazioartera zabaltzea hobetzen lagunduko duen sare bat bezala» ulertu behar direla, eskaintzen dizkiguten aukerak aprobetxatuz, harreman komertzialetarako, enpresen arteko harremanetarako, turismoa sustatzeko eta gazte edo ikasleei zuzendutako ekimenetarako. Hori dela eta, bere iritziz bultzatu behar da hiriaren kanpo harremanak munduari irekitako ikuspuntu batetik bideratzea, beste hiriekiko sare lana bultzatuz eta Donostia nazioarte mailan dimentsio berria emango dioten ekonomia eta kultura aberastasuna ekar dezaketen aukerak bilatuz.

Lehenengo neurri bezala, batzorde teknikoak gaur egun dauden senidetzeen egoeraren txosten bat egingo du. Bestalde, aztertuko ditu senidetuta dauden hiriekiko lotura sendotzeko, Udala lagunduko duten hiriko talde eta herritarren konpromiso handiagoa artikulatzeko dauden aukerak.

Bojador-eko Daira, Marugame, Plymouth, Reno, Trento eta Wiesbaden dira egun Donostiarekin senidetua dauden hiriak.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate