Diario Vasco

Auzo guztietan antolatu dituzte ekitaldiak Euskararen Eguna dela eta

Miren Azkarate eta Edurne Otamendi, Udaletxean egin den aurkezpenean.
Miren Azkarate eta Edurne Otamendi, Udaletxean egin den aurkezpenean.
  • 'Zer egin dezaket nik euskararen alde?' galdera luzatu die Udalak donostiarrei

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, 170 bat ekitaldi antolatuko dira datozen egunetan Donostian, Euskararen Hirian. Hiriko hamabost auzoetan ospakizunak aurreratu egin dituzte eta azaroaren 23tik aurrera ekimen ugari antolatuko dira. Hala ere, ekintza gehienak abenduaren 2an eta 3an egingo dira.

Miren Azkarate 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotziak Donostiako auzoetako eragileek egindako lana goraipatu du: Hiriko hamabost auzoetan antolatu dituzte jai-egitarauak: Aieten, Altzan, Amaran, Amara Berrin, Antiguan, Añorgan, Bidebietan, Egian, Grosen, Igeldon, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erriberan, Martutenen eta Parte Zaharrean. Auzo horietan guztietan batzordeak sortu dira Euskararen Egunaren inguruan ekimenak antolatzeko, eta guztira, 65 bat eragile ari dira auzoetako egitarauak antolatzen». Ekinbide horiek guztiak ezagutzera emateko esku-programa bat argitaratu eta banatzeaz gain, kartelak ere jarriko dira auzo guztietan eta informazioa eskuragarria egongo da donostiaeuskaraz.eus webean.

'Zer egin dezaket nik euskararen alde?' izango da Euskararen Eguneko aurtengo leloa. Herritar eta gizarte eragile guztiak, hau da, gizarte osoa galdera hori egitera gonbidatu nahi da Miren Azkarateren esanetan. Galdera hori egin eta nork bere neurriko erantzuna ematera animatu nahi ditugu denak, guztion ekarpenak baitira onuragarri euskara biziberritzeko eta guztion arteko elkarbizitza sendotzeko. Emandako erantzuna baliagarria izango da euskara hedatu eta indartzen jarraitzeko».

Donostiako Udalak eta hiriko eragileek urteak daramatzate Euskararen Eguna elkarlanean antolatzen. Aurten ere bide beretik jarraitzea erabaki dutela adierazi du Azkaratek: «Auzoetako eragileak lan handia egiten ari dira euskara sustatzeko, eta Udalak bidelagun ditu egiteko horretan. Elkarlana eta sinergiak bilatzea euskararen mesederako da».

Eragileekin ez ezik, erakundeen arteko elkarlana ere beharrezkoa da Azkarateren ustez. Erakundeen arteko kanpaina bateratua egin dugu, eta indar metaketa hori beharrezkoa eta onuragarria izango da. Udalean ere Herritarren Partaidetza Zerbitzuaren laguntza eta parte hartzea izan dugu».

Euskara Zerbitzuak eta DSS2016EU-k elkarlanean, 'Zer egin dezaket nik euskararen alde? 2016 adibide' ekitaldi irekia antolatuko dute abenduaren 2an, 18:30ean, Udaletxeko Udalbatza aretoan. Bertan, Europako Kultur Hiriburutzaren baitan, urtean zehar euskara eta hizkuntza aniztasunarekin lotuta aurrera eramandako proiektuek egin duten bidea azaldu eta sortutako legatuaren berri emango da. Hamaika proiektu landu dira: Hitzargiak, Tosta, Europa bat-batean, Donostiapedia, Euskarriak, Interprest, Donostiako hizkuntzak: 1761-2016, Codefest, Europa Hizkuntza-Aniztasunaren Foroa, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa, eta abar. Miren Azkarate zinegotziaren esanetan, Europako Kultur Hiriburutzak lan handia egin du hizkuntza aniztasunari balioa eman eta eremu urriko hizkuntzen inguruan lanean diharduten eragileen sareak bultzatzeko. Europan 280 hizkuntza baino gehiago daude eta hizkuntz aniztasun hori sendotzeko alea jartzen saiatu gara aipatu egitasmoen bitartez. Euskararen inguruan lanean diharduten hamarnaka eragilerekin elkarlanean garatu dira proiektu hauetako gehienak. Hori guztia aintzat hartu eta gizarteratzeko asmoz antolatu dugu abenduaren 2ko ekitaldia».

Era guztietako ekintzak

Datozen egunetan era askotako ekintzak antolatuko dira Donostian. Mintzapraktika sustatzeko ohiko Mintzodromoak egingo dira abenduaren 1ean Amara Berriko Arcco merkataritza-gunean eta Larratxoko kultur etxean eta abenduaren 2an San Telmon. Bestalde, hainbat ekitaldi berezi ere egingo dira abenduaren 3an: Amarako Amaiur Parkean Amaiur herriari erreferentzia egingo dion monumentu-harria jarriko da; Loiolan euskararen egunaren aurretik auzotarren artean grabatutako bideoa eskainiko dute Mikel Pagadiren parte hartzearekin; eta Martutenen Juan Luis Zabalak idatzitako eta auzo horretako bizilagunek elkarlanean grabatu eta kontatutako ipuinaren aurkezpena egingo dute. Horrez gain, bertso saioak, kontzertuak, familientzako ekinbideak, tailerrak, zinema emanaldiak, abesteko saioak eta abar izango dira.

Bestalde, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, Donostia Kulturaren laguntzarekin 'Gazteak antzerkira' izeneko ekintza eskaintzen die DBH, batxilergo eta zikloetako ikasleei. Aisialdia euskaraz gozatzeko aukera eman nahi zaie gazteei, eta erakargarriak izan daitezkeen euskarazko antzerki lanak eskaintzen zaizkie. Aurten hiru antzerki-lan ikusteko aukera izango dute: batetik, Zurriola Antzerki Eskolaren 'Kutxidazu bidea Ixabel' eta Nomofobikak taldearen 'Sarean kateatuta' antzezlanak Antzoki Zaharrean eskainiko dira, eta bestetik, poltsiko-antzerki formatua duen 'Sexijentziak askatuz' izeneko obra ikastetxeetan eskainiko da. Ekinbide arrakastatsua da oso, eta Donostiako ikastetxe askotako 12 urtetik 16 urte bitarteko 2.500 bat ikasle joango dira euskarazko antzerkia ikustera.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate