Diario Vasco

Euskarazko kultur eta aisialdiko produktuen gida argitaratu dute

  • Harpidetza eginez gero, katalogoko berrikuntzen buletina jaso ahal izango da hilero

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak euskaragida.eus izeneko euskarazko kultur eta aisialdiko produktuen gida argitaratu du. Era guztietako eta adin guztiei zuzendutako produktuak jasotzen dira bertan: aldizkariak, komikiak, DVDak, joko eta jolasak, musika, liburuak, hiztegiak, gurasoentzako nahiz euskara ikasteko material berezitua, web orri interesgarriak eta abar. Produktuak jasotzaileen adinaren arabera datoz sailkatuta eta bakoitzaren ezaugarri nagusienak zehazten dira (izena, egilea, argitaletxea eta gutxi gorabeherako prezioa).

Gabonetan haurrei opariak egiteko

Paperezko edizioak 500 produktu inguru jasotzen ditu, gehien-gehienak berriak, aurten argitaratuak, eta guztira 165 puntutan bantuko diren 25.000 ale argitaratu dira. Katalogoak helburu bikoitza du, batetik, euskal kultura sustatzea euskal produktuei ikusgarritasuna emanez, jakinda horrek kontsumoa handitzen lagunduko duela, ahaztu gabe euskal sortzaileei eta euskal kultur industriari babesa emateko modua ere badela, eta, bestetik, euskara bera sustatzeko, izan ere, euskarazko produktuak kontsumitzen ditugunean euskaraz ari gara, eta hori da gakoa, euskaraz bizitzea, lanean, eskolan, kalean eta baita irakurtzen, jolasten eta musika entzuten dugunean. Eguberri hauetan opariak egiteko garaian gida ardatz hartzeko eta euskal produktuen aldeko hautua egitera deitu dituzte donostiarrak.

Banaketa zabala egingo da datozen asteetan, besteak beste, Donostiako ikastetxe eta irakaskuntza zentroetan, euskaltegietan, kultur etxe, haurtxoko, gazteleku eta kiroldegietan eta hiriko beste hainbat gune publikotan. Era berean, ekimenean parte hartu duten Donostiako hainbat saltokitan edonoren esku egongo dira.

Atari digitala eguneratzen joaten da

Bestalde, www.euskaragida.eus atariak, bere aldetik, paperezko edizioan iragarritako produktu guztiak nahiz egunez egun argitaratzen doazenen gaineko informazioa jasotzen du, produktu motaren eta adinaren arabera sailkatuta. Aurreko urteetako produktu batzuk ere jasotzen dira. Liburuen atalean egileen araberako bilaketa egiteko aukera ematen du. Era berean, erabiltzaileari gustukoen duen produktua eskuratzea erraztearren, gehientsuenek on-line erosteko loturak erantsita dituzte.

Harpidetza eginez gero webgunean bertan, posta elektronikoaren bidez berrikuntzen buletina jaso ahal izango da hilero.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate