Diario Vasco

Ategorritxo haurreskolak instalazio berriak ditu

Ategorritxo haurreskolak instalazio berriak ditu
  • Donostiako Udalak egindako 240.000 euroko inbertsioari esker, gune estali berria du eta irisgarritasuna hobetu dute

Azkeneko lau hilabeteetan egindako lanen ondorioz, instalazio egokiagoak ditu Ategorritxo Ategorrietako haurreskolak. Zehazki, instalazioak handitu dira, eraikinaren kanpoko eta barruko irisgarritasuna bermatzeko lanak egin dira eta kanpoko patioa hobetu da. Donostiako Udalak 240.000 euro bideratu ditu zeregin horietara.

Ikusita 0-1 urte bitarteko haurrentzako tokia txikia zela, eta eraikinaren ondoan aprobetxatu zitekeen terraza zegoela, gela handitzeko erabakia hartu zen, haurren erosotasuna hobetzeko. Horretarako, Udalak Hiri-Antolaketarako Plangintza Berezia onartu zuen, eraikin gehigarria egin ahal izateko.

Halaber, lanak egin behar zirela aprobetxatuz, eta ikusita kanpoko irisgarritasuna ez zegoela bermatuta (haurreskolaren sarreran eskailerak zeuden) kanpoko patioa berritzea erabaki zen eta, ondorioz, lurra sarrerako atearen mailara igo da. Gainera, barruko eskailerak berritu dira eta igogailua jarri da, hain zuzen ere, goiko solairura igotzeko irisgarritasuna bermatzen duen igogailua.

Ategorritxoren eraikina zaharra zen eta, beraz, bere ezaugarriak – gune txikiak eta irisgarritasun falta – ez ziren haurreskolaren jarduera garatzeko egokiak. Hori zela-eta, 2015ean Udal gobernuak onartu zuen haurreskolan hobekuntzak egitea eta, horretarako, Inbertsioak egiteko plangintza berezian aurrekontu-saila egin zuen. Gogoratu behar da, Ategorritxo haurreskolak 0 eta 2 urte arteko haurrentzako 55 leku eskaintzen dituela.

Haurreskola lau hilabetez itxita egon da – lanak uztailan hasi ziren – eta, bitartean, ikasturte amaiera Zuhaizti Ikastetxeko gelatan – Ategorritxotik metro gutxitara dagoen ikastetxea – egin dute eta ikasturte hasieratik azaroaren 2 arte Bidebietako haurreskolan.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate