Diario Vasco

Gazteei zuzendutako zazpi laborategi artistiko antolatu dira Kontadoresen

Hurrengo aurkezpeneko argazkia.
Hurrengo aurkezpeneko argazkia. / DV
  • Azarotik datorren urteko otsailera bitartean egingo diren ikastaroetan izena emateko epea zabalik da. Guztira 106 plaza eskaintzen dira

Azaroaren 8an hasiko dira Bidebietako Kontadoresen udazken eta negurako antolatu diren laborategi artistikoak, eta zabalik da honezkero horietan izena emateko epea. Guztira 106 plaza eskainiko dira, 7 laborategi artistikoetan banaturik. Laborategi eskaintzaz gain, hiru egitasmo berri jarri dira martxan. Ikastaroak 2016ko azaroaren eta 2017ko otsaila bitartean gauzatuko dira.

Gazteei espresuki zuzenduriko ikastaroak dira, 18-30 urte bitartekoei hain zuzen ere. Lehentasuna izango dute Donostian erroldaturik dauden gazteak. Laborategien eskaintza aurretik aipatutako adin tarteari zuzendurik badago ere, 30 urtetik gorako pertsonek parte hartzeko aukera izango dute, euren partaidetzaren egokitasuna balioztatuz gero, eta plaza libreak egonez gero.

Azaldu dutenez, «gazteen interesak, beharrak eta zaletasunak oinarri harturik osatu da Kontadoreseko laborategi proposamena. Eta, gainera, euren poltsikora egokitutako prezioekin. Laborategi hauen helburua da, gai zehatzen inguruko prestakuntza emateaz gain, gazteen arteko harremanak sustatzea, eta dinamika bereziak sortzea. Hain justu, berezitasun horrek egiten du eskaintza benetan erakargarria eta berezia gazteentzat».

Eskaintza osatzeko orduan, ohiko erabiltzaile eta partaideen interesak hartu dira kontuan, eta hortik irten dira kale artea eta argazkigintzari buruzko hiru laborategi berri. Aurreko ikasturtean arrakastatsuak izan ziren laborategiri ere eman zaie jarraipena, batik bat publiko gazte zabalaren interesak kontuan hartuta. Testuinguru horretan programatu dira munduko sukaldaritzari buruzko hiru laborategi. Azkenik, lekua egin zaie proposamen berritzaileei eta deigarriei lekua, eta horrela sortu dira Jorge Eines antzerki teknikaren proposamena eta Design Thinking elkarlaneko lan-metodologiaren inguruko laborategia.

Laborategi zehatzei dagokienez, kale arteari eskainia Zaldi Urdina Sormen Espazioko Jon Elorzak dinamizatuko du. 10 saio izango dira, denak ostiraletan (azaroaren 11n, 18an eta 25ean; abenduaren 2an, 9an eta 16an; urtarrilaren 13an eta 27an; otsailaren 3an eta 10ean.18:30-20:30), gehienez ere 8 parte-hartzaile izango ditu eta prezioa 30 eurokoa da. Ikastaroak izango du alde teorikoa-edo, baina eremu publikoan interbentzioak gauzatuko dira, eta erabiltzen diren askotariko erreminta, material eta bitartekoak ezagutu.

Lightroom: argazkigintza post-produkzioa laborategian zeregin horietan sarri erabiltzen diren programak landuko dira, argazki digitalak bistaratzeko, editatzeko eta kudeatzeko erremintak. Davit Amunarriz da dinamizatzailea; bost saio egingo dira, denak larunbatetan (azaroaren 12an, 19an eta 26an; abenduaren 10ean eta 17an. 17:00-21:00), 12 plaza daude eta prezioa 35 eurokoa da.

Kale argazkigintza laborategia, berriz, kameraren bidez hiriko hainbat eremu eta kolektiboen inguruko argazki interbentzioak eta argazki erreportajeak egingo dira. Laborategia amaitzean argazki erakusketa bat egin ahalko da. Kasu honetan ere Davit Amunarriz izango da dinamizatzailea, eta elkarren artean independenteak diren lau saiok osatuko dute ikastaroa, denak igandez (azaroaren 13an / abenduaren 11n / urtarrilaren 15ean / otsailaren 12an. 10:00-13:00). 12 plaza daude eta saio bakoitzeko 5,25 euro ordaindu behar dira.

Josi eta berrerabili: baserritar jantziak laborategia josketa sortzaileaz zein arroparen birziklapenaren inguruko ezagutzaz gehiago ikasteko laborategi praktikoa da. Ane San José da dinamizatzailea eta hiru saioak ostiralez egingo dira (azaroaren 11n, 18an eta 25ean.18:00-20:30). Zortzi plaza daude eta prezioa 13,12 eurokoa da.

Munduko sukaldaritza laborategiak hainbat jatorritako janaria prestatzeko eta dastatzeko aukera eskaintzen du. Azaroaren 26an (17:00-21:00), abenduaren 17an (17:00-21:00) eta urtarrilaren 28an (17:00-21:00) egingo dira saioak. 12 plaza daude eta saio bakoitzeko 8 euro ordaindu behar dira.

Design Thinking, hastapena laborategiak izen bereko elkarlanerako lan metodologia ezagutzen hasteko aukera eskaintzen du eta ahalbidetzen du egitasmoak abian jartzea eta erronkei irtenbidea bilatzea modu sortzailean. Dinamizazioa TZBZ kooperatibaren esku dago eta urtarrilaren 24an, 25ean, 26an, 27an (18:00-21:00) egingo da. 20 plaza eskainiko dira, eta prezioa 18 eurokoa da.

Jorge Eines interpretazio teknikaren inguruko laborategiari dagokionez, ikasiko da pertsonaien eta eszenen eraikuntzari ekiten Jorge Einesek irakatsitako metodologian oinarriturik. Dinamizatzailea Eider Elorza da eta lau saitan gauzatuko da ikastaroa (otsailaren 3an eta 10ean, 17:30-20:30; eta otsailaren 4an eta 11n, 17:00-21:00). 10 plaza daude, eta prezioa 21 eurokoa da.

Laborategi eskaintzaz gain, Kontadoresek beste hiru egitasmo jarri ditu abian udazkena eta negu honetarako, dantza garaikidea, DJ laborategi aurreratua eta dantza afrogaraikidea zuzeneko perkusioarekin. Egitasmo hauek bereziki beste eragileekin lankidetzan sorturikoak direla aipa daiteke, besteak beste, Errenterian dagoen Dantzagunearekin edo Donostia Festak atalarekin.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate