Borrar
Donostiako 341 establezimenduk bat egin dute bezeroei euskara bermatzeko asmoa duen kanpainarekin

Donostiako 341 establezimenduk bat egin dute bezeroei euskara bermatzeko asmoa duen kanpainarekin

Lehen fasean Parte Zaharra, Intxaurrondo eta hiriguneko 9 kale komertzialetako lokalak sartu dira

El Diario Vasco

Miércoles, 19 de noviembre 2014, 18:07

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Donostian 341 establezimendu atxiki dira bezeroei euskara bermatzeko asmoa duen kanpainara. Azaroaren 5ean eman zuen kanpainaren berri Udalak, orduan 318 ziren establezimenduak. Bi asteotan hainbat ari dira on line izena ematen, eta kopurua goraka doa.

Kanpainan, euskaraz hitz egiteko aukera ematen duten establezimenduak identifikatu dituzte, herritar edo bezero euskaldunek jakin dezaten non egin dezaketen euskaraz. Lehen fase honetan, 2014an, Parte Zaharra, Intxaurrondo, eta Donostiako hiriguneko 9 kale komertzialetako establezimenduak identifikatu dituzte.

Era berean, euskararen erabilera sustatu eta merkataritzan eta ostalaritzan #ereeuskaraz ekimena ezagutarazteko asmoz, #ereeuskaraz lehiaketa jarri dute martxan. Lehiaketan edonork parte har dezake eta 50 euroko txartel bat irabazi. Guztira 10 sari emango dituzte.

Lehiaketan parte hartzeko bi bide daude: alde batetik, @euskaraz sare sozialen bidez, hau da Twitter eta Facebooken. Horretarako, parte hartu nahi duenak @euskaraz kontuari atsegin dut eman behar dio, edo laguna egin, eta horrez gain, txio edo Facebook-eko post bat argitaratu behar du, #ereeuskaraz traola erabiliz. Bestetik, identifikatutako establezimendu batera joan, euskaraz hitz egin eta bertan egongo den txartela bete dezake.

Lehiaketan parte hartzeko epea azaroaren 23ra arte egongo da zabalik. Epea amaitutakoan, 10 irabazleen izenak ezagutaraziko dituzte. Irabazleek diru hori egitasmoan parte hartu duten establezimenduetan gastatu beharko dute 2014. urtea bukatu aurretik.

Egitasmoa Euskara Zerbitzuak jarri du martxan sektoreko hainbat eragilerekin (Donostiako Sustapena, Donosti SShops, Gipuzkoako Merkatarien Federazioa, Auzoa, Zaharrean eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea) eta euskararen alde lan egiten duten zenbait elkarterekin batera (Bagera, Batzen, Bizarrain, Plazara Goaz, Parte Zaharrean Bizi). Lehiaketa bukatu ondoren ere kanpainarekin jarraituko dute, hau da, orain arte kanpainan parte hartu ez duten establezimenduek bat egiteko aukera izango dute.

Nerea Txapartegi Udal Gobernuko Euskara arduradunak azaldu du esparru guzti-guztietan sustatu behar dela euskararen erabilera: Donostia Euskararen Hiria da eta leku guztietan sustatu nahi dugu euskararen erabilera, administrazioan, baina baita denda, taberna, jatetxe eta abarretan; bezeroak euskaraz ere artatuak izango direla bermatu nahi dugu, leku publiko zein pribatuetan, eta horregatik jarri dugu abian kanpaina hau. Establezimenduak eranskailua jartzera, lehen hitza euskaraz egitera eta euskara erabiltzera animatu nahi ditugu, euskal hiztunen hizkuntza eskubideak bermatzea denon eskuetan baitago.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios