IRURA KILOMETROAK 08
Kilometroak 08k badu abestia eta bideoklipa. Atzo aurkeztu zuten Donostiako
Koldo Mitxelena kulturunean. Bertan, letraren eta musikaren egileak izan ziren

Aitor Mendiluze, Joseba Aranburu, Igor Elortza, Iñigo Karrea, Egoitz Ezkerra eta Julen Goikoetxea. /J.M. LÓPEZ
DV. Aurrera darrai Kilometroak 08 antolakuntza lanak eta hauen inguruko aurkezpenak. Atzo, Irurako ikastolakoek Donostia aldera hurbildu ziren prestatu duten abestia eta bideoklipa aurkeztua. Euren mezua zuzena da eta argi isladatzen du kantaren izenburuak: Oinarria eraikitzen. Antolakuntza lanetan dabilen eta ikastolen izenean etorritako Igor Elortzak egin zuen aurkezpen ofiziala eta ondoan, Aitor Mendiluze bertsolaria eta Desordutan talde tolosarreko kide diren Joseba Aranburu, Julen Goikoetxea, Iñigo Karrera eta Egoitz Ezkerra izan ziren.
Aurkezpenan, bideoklipa ikusteko aukera egon zen. Igor Elortzak azaldu zuenez «Bideoklipa Kilometroak 2008ko irudiaren sortzaile Tolosako ZUT diseinu etxea izan da, eta beraien ideia batean oinarriturik eta haiek eginiko gidoipean Run Down-e produktorak eginiko lanaren ondorioa da Kilometroak 2008ko bideo promozional hau, Carl Watermark-en zuzendaritzarekin». Watermarken bideoklipan nahastu egin dira 3-D infografiak eta irudi errealak ere eta bertan, ikastolako ikasle diren Maria, Ekhi eta Bryan dira protagonistak. Hauekin batera abestiaren bueltan lanean aritu direnak ere agertzen dira eta «baita gurasoak eta aiton-amonak ere, denon laguntza behar baitugu eraikuntza berriaren aurrekontuari aurre egiteko» esan zuen Elortzak.
Bideoklipa ikusterakoan abestia entzuteko aukera egon zen, nola ez, eta Igor Elortzak esan zuenez «Ikastolako eta Kilometroak 08 antolakuntza lanetan gabiltzanok gustora gelditu gara lortutako emaitzarekin. Kanta alaia nahi genuen eta lortu dugula uste dut».
Ondoren, aurtengo KMK 08ko abestiaren letra egilea den Aitor Mendiluzeri eman zion hitza Elor-tzak. Mendiluzek esan zuenez «kanta egiteko enkargua eman zidatenean ilusio handia egin zidan, herrian parte hartzeko aukera ematen zidalako eta baita ikastolako haur baten aita naizelako». Bertsolariak kantan isladatu nahi izan du «Ikastolako eta Irurako ikastolaren eraikin berriaren ametsa egi bihurtzeko ahalegina».
Bonberenean grabatua
Aipatu behar da hitza Aitor Mendiluzena dela eta musika berriz, Tolosako Desordutan taldekoek egin dutela. Grabazioa berriz, Tolosako Bonberenean egin da eta bertan, Bonberenea txarangakoak, Mulanbo perkusio taldea, Jone (kantaria), Gorka (Izeba Pilarren Ilobak taldeko kidea), Aritz (Deabruak Teilatuetan taldeko abeslaria) aritu dira.
Joseba Aranburu 'Txus', Desordutan taldeko kideak azaldu zuenez «antolakuntzaren deia jaso genuenean kantuaren musika egiteko, gustora hartu genuen lana baino gehiago gustatu zitzaigun proiektuaren osotasuna. Proiektua kantua bera baino zabalagoa izan da, kolaborazioak, Kilometroak 2008n beraren ezagutza handiagoa eta bere helburu guztiekin bat egitea». Musikari tolosarrak azaldu zuenez «Desordutan taldea pop estiloa du nagusi, eta Kilometroak 08ko kantan igertzen da baina badu baita, rock puntua. Esan behar da, grabazio egunak pasa hala 'kolore' ezberdinak hartzen joan zela, partaide guztien aportatzioak jasotzerakoan».





