SEGURA. DV. Korpus eguneko ospakizunak konplituko dira gaur Seguran, ohiturari urte bat gehiagoz jarraipena emanez. Goizeko 11etan ospatuko da meza parrokian eta, elizkizuna amaitutakoan, 11:45 aldera, prozesioa aterako da kalera. Gaueko ardo partiketa eta ondorengo herri afariekin osatuko da gaurko festa eguna.
Corpus Christiko ospakizunak beste erlijio tradizioek duten adinako aitzina du Seguran eta oso prozesio sentitua da herritar askorentzat. Bere esanahia Jainkoaren Gorputzaren misterio ospatzea izango litzateke, eliza barruan zein kanpoan. Palio azpian joaten den kustodioak eta estandarteek hartzen dute garrantzia prozesioan, ibilbiden zehar jartzen diren bi aldare eta aingeruekin batera.
Txistulariek irekitzen dute oinezko ibilbidea eta atzetik joaten dira estandarteak, hain zuzen, San Frantzisko, Trinidade, Jesusen Bihotza, San Jose, Ama Errosariokoa, Milagrosarena eta Karmengoa, bi edo hiru eramaile dituztela. Pauso hauek garai bateko kofradien erakusgarriak dira, urtero kuota bat ordainduz mantentzen zirenak. Egun, Trinidad eta San Jose kofradiek irauten dute.
Estandarteen atzetik aingeruak joaten dira, ibilbide osoan arrosak boteaz, Jauna gainetik igarotzeko esanahiarekin.
Antonkale eta Goiko Portaleko aldareetara iristean, bedeinkazio bat egiten da, koruko abestiekin lagundua, berriro elizan sartuz desfileari amaiera emanez.