LEGAZPI. DV. Urte bete igaro da Urola Garaiko merkataritza alorrean euskararen erabilpena sustatzeko plana aurkeztu zela, eta Legazpin dendariak lanean ari dira dagoeneko helburu horrekin, Udaleko eta Emun Kooperatibako teknikarien laguntzaz. Urtarriletik hona, hainbat bilera eta ikastaro egin dituzte (kartelak egiten erakutsi diena, adibidez), beren dendatan euskara gehiago erabiltzeko hartu zuten konpromisoaren ildotik.
Bilera eta ikastaro horietan dendari talde txiki batek hartu du parte, 11 lagunez osatutakoa. Izan ere, plangintza atalka garatuko da, eta lehen urratsak euskararen erabilpen handiena erakutsi dutenekin ematea erabaki zen. Denda horietan, 'Euskaraz? Pozik gainera!' leloa daraman kartela ikus daiteke.
Eta lelo hori ongi baino hobeto bereganatu dute lehen atal honetan parte hartzen ari diren dendariek. Urtarrilean, 'kafe taldea' deitu duten taldetxoa osatu zuten, eta harrez gero, udaletxeko areto batean hamabostero bildu dira Aste Santura arte, eta hilero asteazken honetara arte. Ordu bete pasatxoko bilerak izan dira, oso informalak, eta partaideek esan duten bezala, «eskemak apurtzeko» balio izan diete batipat. Izan ere, euskaldunak izan arren, beren artean gaztelaniaz hitz egiteko ohitura zuten, eta bilera hauei esker, orain euskara da beren hartu-emanetan erabiltzen duten hizkuntza.
Ilintiren barruan hartutako erabakiak eta antolatutako ekin-tzak, Kale Nagusiaren peatonalizazioa, prentsan irakurritako albisteak, euskararen egoera, Legazpiko garai bateko dendak... horrelako gaietaz hitz egin dute kafearen laguntzaz egindako bileratan. Giro ona nagusitu da hasiera hasieratik, eta oso gustura aritu dira dendariak.
Satisfakzio maila hori dela eta, iraila-urrian jarraitzeko asmoa agertu dute guztiek. Orduan, beste talde bat ere hasiko da antzeko martxarekin.