DONOSTIA. DV. Berrikuntza asko izango dute Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) udako ikastaroek. Hasteko, Eibarko egoitzaren aldeko apustua egin du UEUk, han bi aste jarraian emango baitira ikastaroak. Eta Iruñeko ikastaroak, berriz, besteetan baino gu- txiago izango dira, bost egunetan zehar eskainiko direlarik.
Baionan zein Iruñean, ikastaroak beste toki batean emango dira, eta lehenengo aldiz Lizarran emango dira batzuk. Iruñeko ikastaroak, adibidez, Larraona ikastetxea utzi eta Hizkuntza Eskolara aldatuko dira; eta Baionakoek Beñat Etxepare lizeoan izango dute egoitza.
Eibarren, lehenbiziko aldiz, bi aste jarraian emango dira ikastaroak. Uztailaren 2tik 13ra bitartean izango dira. Baionan, berriz, uztailaren 9tik 13ra bitartean, eta Iruñean 16tik 20ra.
Guztira 30 ikastaro izango dira. Horietatik, 12 Eibarren, 8 Baionan eta 10 Iruñean. Eta, ohitura den bezala, ikastaro guztiz berriak izango dira denak.
Bestalde, aurten ez da ostatutik eskainiko. Hasieratik nolabaiteko ikurra izan da barnetegia, baina antolatzaileek ikusi dute ikasleen ohiturak aldatzen joan direla eta gero eta gutxiagok aukeratzen zutela ostatua.
35. ikastaldia da aurtengoa eta lelo hau aukeratu da: «Uda zure neurrira».
Atzo aurkeztu ziren ikastaroak, Iruñean, eta honela mintzatu zen Irati Iciar, ikastaroon arduraduna: «Jadanik UEUren Udako Ikastaroak euskaldunentzat udako tradizio bihurtu direla esan daiteke, ikasturtearen amaiera alaia bezala. Baina tradizio kutsu horrek ez du esan nahi zaharkituta dagoela, ezta gutxiagorik ere, gizartearen beharrei erantzuteko jaiotako ikastaroak izanik behar horiek aldatzen doazen heinean ikastaroak eta bere filosofia egokitzen joan dira, eta guretzat aurten guztiz esperantzagarria den aro bat irekitzen da».
Aurten profesional handiak pasako dira ikastaroetatik bere esperientzia agertzeko, hala nola Manu Castilla, ETBk komunikazio zuzendaria; Antton Olariaga marrazkilaria; Juantxo Agirre Mauleon, Aranzadi zientzia elkartearen idazkari nagusia; eta Andoni Egaña eta Unai Iturraga ber-tsolariak.