Viernes, 25 de mayo de 2007
Registro Hemeroteca

en

EDICIÓN IMPRESA

TOLOSA BEDAIOKO HARRI JAIA
Harri jaia Bedaion
Duela ehun urte, harrijasa baten ondorioz uzta galdu zuten Bedaioko baserritarrek. Egun hori gogoratuz harri jaia ospatzen dute orain
Harri jaia Bedaion
Bedaioko eliz ondoan jarritako mahaietan elkartu ziren bertako bizilagunak meza entzun ostean, hamaiketakoa egiteko. [BELAUNTZARAN]
Imprimir noticiaImprimirEnviar noticiaEnviar

Publicidad

TOLOSA. DV. Egun berezia ospatu zuten atzo Bedaion. Eguraldi bikaina izan arren, duela ehun urte baino gehiago gertatutako harrijasa bat gogoratuz ospatu zen atzoko jaia. Eta bertako zaharrek entzunda esaten zutenez -hala kontatu zieten beraien aurrekoek- urte batean ez, hiru urtetan segidan bota zuen harria udaberrian eta ondorioz, uzta guztiak galdu zituzten bedaiotarrek. Hori zela eta, otoiz eginez harrijasak uxatzea erabaki zuten eta lehen urtetako meza haiek biltzeko eguna bihurtu dute Bedaion. Orain, jai giroa da nagusi Tolosako auzo honetan eta ez ziren falta izan atzo ere meza, hamaiketakoa, bazkaria eta afaria eguna amaitzeko Artubi elkartekoek antolatuta.

Mahai inguruan ematen dute bedaiotarrek 'Harri jaia' eta giroa alaitzeko trikitilariak eta bertsolariak ez dira falta. Larrañaga eta Mañukorta bertsolariak izan ziren bertan atzo; Xabier eta Mikel trikitilariak, berriz, Amezketatik etorri ziren eta hauen bueltan bertako bizilagunak dantza egiteko prest. Bedaion oraindik dantza suelto egiteko ohitura mantentzen da jai egunetan, eurena baita Bedaioko ingurutxo ezaguna eta dantza egiteko zaletasuna.

Bedaio Tolosako auzo bat da. Tolosatik 16 bat kilometrora aurkitzen da eta gaur egun biztanle gutxi izan arren, hilero ekintza ezberdinak antolatzen dira bertan. Esaterako, igande honetan jubilatu eguna izango da Bedaion eta ekainaren 10ean berriz, mendi martxa.

Bedaioko I. Mendi Martxa

Esan bezala, igande honetan jubilatuen txanda izango da euren eguna ospatuko baitute bertan. Meza goizeko 11etan izango dute eta ondoren, sendabelarren inguruko hitzaldia. Eguna amaitzeko mahai inguruan bilduko dira berriro bedaiotarrak eta musika faltako ez denez dantzan amaituko dute eguna.

Hurrengo hitzordua, berriz, ekainaren 10erako jarrita dute Bedaion. Izan ere, Bedaioko I. Mendi Martxa antolatu dute. Goizeko 7:30ean aterako dira frontoitik eta bertan amaitu, amaierako kontrola arratsaldeko 5etan izango delarik. Irteera 6 eta 8 ordu bitartekoa izango da. Izen ematea www.bedaio.com edo bedaioerrota@hotmail.com-en egin daiteke eta egun bertan goizeko 7:15ak baino lehen 5 euroren truke. Ibilaldia neurtua izango da eta antolatzaileek aditzera eman dutenez kontrol guztietan ordua eta sinadura jaso behar dira.

Mendizale federatuek eta ez federatuek har dezakete parte ibildaldian. Aipatzekoa da 1.254 metrotara dagoen Artubi gaineraino igoko direla, Bedaio eta Tolosako gailurrik altuena. Beraz, ondo prestatuta egonez gero mendi ibilaldi paregabea antolatu dute Bedaion, bertako baztar ederrak ezagutzeko aukera eskaintzen duena.

 
Vocento

Contactar | Mapa web | Aviso legal | Política de privacidad | Publicidad | Master El Correo

Canales RSS