ORIO. DV. Bizkaiko Golkoko zetazeoen (baleak, izurdeak...) egoera aztertzeko eta beren kontserbaziorako abian dauden ekimenen berri emateko hitzaldi bat antolatu da gaur arratsaldeko zazpiean Kultur Etxean. Hitzaldiaren izenburua honako hau da, 'Balearen Bila: Hezkuntza eta kontserbazioa. Bizkaiko golkoko izurde eta baleak; mehatxuak eta ikerketa teknikak'.
Leire Armentia Lasuen bilbotarrak emango du hitzaldia. Leirek EHUn egin zuen Biologiako lehen zikloa eta, ondoren, Vigoko Unibertsitatean lizentziatu zen Itsas Zientziatan. 2003az geroztik Ambar elkarteko kide aktiboa da eta elkarteak egin dituen ikerketatan eta hezkuntza proiektutan parte hartu du. 2006az geroztik, Italiako Tethis ikerketa institutuko kide da eta Mediterraneo iparraldeko Pelagos izeneko zetazeoen santutegian ari da lanean, zetazeoak ikertzen eta beren kontserbaziorako ahaleginak egiten.
Hitzaldian 'Balearen Bila' izeneko proiektuaren berri emango du. Hezkuntzaren bidez gure kostaldeko zetazeoen ezagupena eta kontserbazioa lortu nahi duen proiektua da horixe. Ambar elkarteak 1996tik hona burututako ikerketa lana laburbiltzen du, animalia hauen presentzia eta garrantzia euskaldunei hurbiltzeko.
Zetazeoak, munduko animalia espezie guztietatik, haien bizitza osoa ur ingurunean pasatzen duten ugaztun bakarrak dira. Bertan jaio, hazi, ugaldu eta elikatzen dira. Ondorioz, munduko biodibertsitatearen parte garrantzitsua dira. Desagertuz gero, aldaketaren bat gertatu dela antzeman dezakegu.
Bizkaiko Golkoan munduko 84 espezieetatik, 24 aurkitu daitezke, eta euskal uretan 8 dira ohikoenak. Gure kostaldeak duen forma bereziagatik, espezie hauetaz gozatu eta ikertzeko aukera dugu. Baina sarrien ikusten diren 8 espezie hauek mehatxu ugari jasan behar dituzte. Ondorioz, beren iraupena eta distribuzioa arriskuan daude.
Horretarako, mehatxuak gutxitu eta animalia hauek babesteko, ikerlari eta hiritarren laguntza ezinbestekoa da. Nolakoak diren ikasteko, ikusiz gero nola jokatu behar den jakiteko eta ingurugiroan duten garrantzia, lagun, seme-alaba, eta ingurukoei erakusteko.