DONOSTIA. DV. Urtero bezala, Seaskak dei egin die Hego Euskal Herriko euskaltzaleei, igande honetan egingo den Herri Urratsera ager daitezen. Aurreko asteburuko euriteek kalte handiak sortu zituzten Senperen, baita ikastolen festa egiten den aintzira inguruan ere, baina azken egunotan lana franko egin da eta prest izango dira errepideak eta instalazioak.
Betiko moduan, Senpereko aintzira ondoan izango da Herri Urratseko ibilbidea. Bost gune eduki behar zituen, baina horietako bat, Nafarroa deritzaiona, bertan behera gelditu da uholdeen ondorioz. Beraz, lau izango dira, eta horietako bat Umeen Xokoa. Musika emanaldiak gune batean baino gehiagoan izango dira, gazteek egin dezaten ibilbi osoa. «Ikusi baitugu gazteek ez dutela ibilbide osoa egiten», esan dute antolatzaileek. Anje Duhalde, Kerobia, Zea Mays, Peio ta Pantxoa, Eraso eta Gatibu ariko dira, besteak beste.
Autobus-bidaiak antolatzea gomendatu dute Seaska elkarteko antolatzaileek, horrela iladak ekidin daitezkeelako. Kontuan hartu behar da, gainera, oso litekeena dela Senpere inguruan Poliziak kontrolak ipintzea, auto--gidarien alkoholemia neurtzeko. Iaz izan baitziren horrelako kontrolak.
Hogeita lau urte beteko ditu aurten Ipar Euskal Herriko ikastolen jaiak. Lehenengo aldi hartan bildu zen dirua Kanboko Xalbador kolegioa eraikitzeko erabili zen eta, orain, hogeitaka urte pasata, datorren astean lortuko diren sosetako batzuk eraikin hura zaharberritzeko izango dira. Beraz, halako ziklo bat itxiko da laster.
Bestalde, Seaskak jakinarazi duenez, Iparraldeko kolegioetako (11-15 urte) ikasleen %9a soilik da euskaraz eskolatua, hau da, murgiltze ereduan edota elebiko ereduan. Eta horietatik, heren bat baino gehiago ari da Seaskako ikastetxeetan. Lizeotako (15-18) ikasleei dagokienez, ikasteen %3a bakarrik da euskaraz eskolatua, eta horietatik bi heren ari dira Seaskako lizeoetan.