LAZKAO. DV. Goierriko pilotari gaztetxoen beharrei erantzun asmoz, I Goierri Beherako Eskolaumeen Pilota Txapelketa antolatu du Lazkaon Antzar Pilota Kirol Elkarteak, gaur bertan abian jarriko dena eta larunbatero ekainaren amaiera arte jokatuko dena. Izan ere, egun, eskola adinekoen lehiaketa jardunaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritakoetara mugatzen dira, hau da, eskola kiroleko jardunaldietara eta horiek azarotik apirila bitartean ospatzen direnez, bost hilabete baino gehiagoan lehiaketarik gabe geratzen ziren haurrak. Hutsune hori betetzeko antolatu da, hain zuzen, txapelketa hau. Hala bada, Goierriko haurrei pilotan lehiatzen jarraitzeko aukera ematea da xedea.
Hasieran, eskola adineko haur guztiei irekia den arren (benjamin, alebin, infantil eta kadeteak), errealitatean benjamin eta alebin kategoriatako pilotariek parte hartuko dute, infantil eta kadete kategorietan haur gehienak federatu egiten baitira, txapelketaren filosofiatik kanpo geratuz.
Txapelketa honetan 'jokotako sistema' delakoa erabiliko da. Hau da, 8 puntuko 2 joko irabaztera izango da, eta joko bakoitzean talde batek sakatuko du. Joko banatara berdinduz gero, 4 puntuko joko bat jokatuko da.
Gaurko partidak 15:00etatik aurrera jokatuko dira plazako frontoian. Benjamin mailan, Aita Iparragirre Lazkao 1en aurka eta Lazkao 2 Tar- taloetxeren kontra.