GOIERRI. DV. Bihar, hirugarren urtez, euren eguna ospatuko dute Goierriko Eskola Txikiek. Haurreko bietan Olaberrian eta Zerainen elkartu ostean, aurtengoan Gabiriko eskolako Guraso Elkartea arduratu da Goierrin eskola txikiak badirela eta ongi funtzionatzen dutela aldarrikatu nahi duen festa hau antolatzeaz. Goizetik arratsaldera izango da zer egitekoa, 11:00etatik aurrera: herri jolasak, gazta eta abarkak nola egiten diren zuzenean ikusteko aukera, pailazoak, txokolate-jana...
Zerain, Olaberria, Itsasondo eta Gabiriako eskoletako haurrak eta haien gurasoak elkartuko dira biharko jai honetan. Izan ere, Goierrin txikitzat jo daitezkeen eskola gehiago badaude ere, garai batean handiagoak izan zirelako- edo, ez dira Eskola Txikien sare honetan sartu eta aipatu lau herrietako eskolek osatzen dute sarea. «Hasieran, nekazal inguruko eskolak eta maila bakoitzean gela bat osatzen ez zuten eskolak hasi ginen elkartzen -azaldu digu Gabiriko Balentzategi Herri Eskolako zuzendari Ane Miren Aizpuruk-, baina egun jada ez dago erabateko nekazal giroko herririk. Hala, eskola txikiak izango lirateke gela bakoitzean adin bat baino gehiagoko ikasleak dituztenak».
Aipatu lau herri eskoletatik Gabirikoa da ikasle gehien dituena, 42 -horietatik 6 Itsasokoak-, «nahiz eta kopuru normalena 20-25 ikaslekoa izan». Lau gelatan daude banatuta: 2 eta 3 urtekoak, 4 eta 5ekoak, Lehen Hezkuntzako 1. ziklokoak, eta 2. eta 3. ziklokoak. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza osoa eskaintzen dira, beraz, Gabirian. Zerainen, ordea, gela bakarra dute eta Olaberrian bi, bietan Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako 1. zikloa eskaintzen dutelarik, hau da, 7 urtera arte. Itsasondo izan da urte askotan lauetatik handiena, eta horrexegatik azkena Eskola Txikien sarean sartzen. Egun LH osoa eskaintzen du, 30 ikasle ingururekin.
«Adin ezberdinetako ikasleak gela berean izateak gauza onak eta ez hain onak ditu. Haur guztiak ezberdinak dira eta hori areagotu egiten da adin desberdineko haurrak elkartzean, are gehiago ume gutxi eta adin ezberdin asko direnean -dio Ane Miren Aizpuruk-. Baina, bestetik, haurrak eurak baino txikiagoak direnekin egotean, haiei lagundu egiten diete, eurena jaso eta txikiei azaldu egiten diete... Txikiengandik ere ikasten dituzte gauzak... Hori aberasgarria da». Hori bai, adin ezberdineko haurrak elkartzerakoan, bakoitzari mugak jartzea ez da erraza izaten. «Irekiagoak izan behar dugu horretan».
Ikasle kopurua txikia izateak, era berean, tratu pertsonalizatuagoa eskaintzea ahalbidetzen duela dio Gabiriko eskolako zuzendariak. «Azalpen orokorra ematen diezu, baina gero bakoitzaren jarraipena gertuagotik egiten da». Eta ez bakarrik ikasgai edo ikasturte jakin batean. «Eskolan egiten dituen urte horietan guztietan egin dezakezu zuzeneko jarraipena eta hori oso interesgarria da». Eta eskola txikia uzterakoan ere ez omen dago jauzi handiegirik beste zentro batera joaterakoan. «Ez dute arazorik izaten aurrera jarraitzeko. Bakoitzak bere ibilbidea jarraitzen du, hau da, ondo dabilenak hala jarraitzen du, eta alderantziz».
Nolabaiteko arriskuan
Txikia izateak aipatu abantailak eskaintzen baditu ere, txikiegia izatea, Zerain edo Olaberriko eskolak kasu, arriskutsua ere izan daiteke, desagerpenaren itzala beti izaten baita gainean. «Hori saihesteko oso garrantzitsua da eskolen arteko loturak sendotzea, eta helburu horrekin antolatzen dute guraso elkarteek biharko festa, Goierriko eskola txikien arteko harremana eta elkarlana bultzatzeko helburuarekin», azpimarratzen du Aizpuruk. Elkarlana urte osokoa da, dena dela, eta ez bakarrik goierritarren artekoa, Gipuzkoa osoko eskola txikien artekoa baizik. «Oso garrantzitsua da herri txikientzat eskola bertan izatea, herriari bizia ematen dio, herria egiten du. Gabiria bezalako herri sakabanatuetan haurrak kanpora joaten badira ikastera, gero zaila da haiek herrira egitea».
Une honetan Gabirian herri eskola ez ezik, haurreskola ere badago, baita ikasleentzat jangela zerbitzua ere herriko ostatuan, eta autobus nahiz taxi zerbitzua. Ahal den gehiena egin behar herriko haurrak, behintzat, bertan geratzeko. Baita kanpotarrak erakartzeko ere. Izan ere, egun, etxe berriak egiten ari dira Gabirian, eta bertara etortzen direnek haurrak izanez gero, herrian geratzea da xedea. «Erakutsi behar dugu eskolak funtzionatzen duela nahiz eta txikia izan». Izan ere, Ane Miren Aizpuruk argi du. «Eskolaren etorkizuna herriarenaren araberakoa izango da». Eta alderantziz, esan beharko litzateke.