ANTZUOLA. DV. Euskal Herriko alardeen mintegiak asteburu honetan izango du jarraipena. Margaret Bullen eta Xabier Kerexeta Eusko Ikaskuntzako kideek Antzuolan azken hilabeteotan egin duten ikerketa soziokulturala aurkeztuko dute gaur goizeko hamar eta erdietan Olaran etxean. Ondoren, hamabiak laurden gutxiagotan, ikerketaren inguruko tailerrak hasiko dira. Ordubete inguru iraungo dute eta, ordu bata laurden gutxiagotan, tailerretan ateratakoak jasoko dituzte.
Arratsaldean, seietan, gazteei zuzendutako mahaingurua zegoen iragarrita, baina bertan behera geratu da. Horren ordez, inkesta moduko bat egitekotan geratu dira. Gaurko egitaraua amaitzeko, bertso kabareta eskainiko da gaztetxean, arratsaldeko zortzietan. Iratxe Ibarra, Onintza Enbeita eta Oihane Perea bertsolariak ariko dira, Mikel Goikuria musikaria lagun dutela.
Bihar, domeka, Alardeen Eguna da. Markinez (Araba), Elorrio (Bizkaia), Hondarribia, Irun, Legazpi eta Tolosa (Gipuzkoa), Makea (Lapurdi) eta Heleta (Nafarroa Beherea) herrietako alardeetan parte hartzen duten konpainiak dira etortzekoak.
Goizeko hamaiketan egingo zaie konpainiei harrera. Hamabietan, Olaran etxean, alarde bakoitzeko ordezkariek eurenari buruzko informazioa emango dute. Ordu bietan jarri dute afaria. Eta arratsaldeko seietan, desfile erraldoia hasiko da. Alarde guztietako konpainiak kalez kale ibiliko dira.
Futbola
Antzuolako futbol talde nagusiak Elgetaren bisita jasoko du Estalan gaur arratsaldeko lau eta erdietan. Nekeza bada ere, igotzeko txartela ziurtatzen saiatuko dira asteburu honetan. Horretarako, beste emaitza batzuk laguntzea ezinbestekoa dute.
Jubenilek, bestalde, Zarautzi egingo diote aurre bihar eguerdiko hamabietan Estalan.