Gzerriko minez bukatzen du supermerkatuan, zerbait erostera joaten den bakoitzean. Gerriko minez eta ernegatuta.
Gure lagunari normala iruditzen zaio buruko minez bukatzea. Ulertu egin behar da gero zer esan nahi duten zenbait eskaintza-esaldik! Besteak beste, orain atera duten batek: «4 produktu desberdinetatik 1 doan». Ez du esan nahi, nonbait, zuk edozein lau gauza erosi eta debalde aterako zaizula horietako bat. Bai zera! Izan ere, baldintza bat bete beharko dute lau produktu horiek: supermerkatuak bereiziak izatea. Eta nola jakin zein bereizi dituen? Liburuxka batean dituzu. Eta lau gauza baino gehiago erosten badituzu? Orduan, zertxobait korapilatzen dira kontuak.
Baina gure lagunari kontu horiek ez diote buruko minik ematen. Kasu zipitzik egin ez, eta kito! Kontu txatxu horiek ez dute batere kezkatzen. Kezkatu, gerriko minak kezkatzen du. Hobeto esan, kezkatzen zuen. Oraindik orain jakin baitu zergatik irteten den gerriko minez, supermerkatura joaten den aldiro.
Zeinena izango errua, eta erosketako karroena! Semeak argitu omen dio.
-Baina ez al zara oraindik konturatu oker ibiltzen direla karro guztiak?
-Konturatu, konturatu... Orain bai. Zuk esanda, bai -gure lagun kaikuak.
Eta zergatik ibiltzen omen diren oker ere argitu omen dio seme argiak. Zuzen ibiliz gero, jendea zuzen-zuzen joango omen litzateke erosi behar duena erostera, alboko apaletan dauden gauzei erreparatu gabe. Baina karroa ezin zuzen eraman, eta tupust egiten apaletako gauzekin... Eta behin tupust eginez gero, erosteko tentazioa sortzen, nonbait...
Auskalo zer erabaki hartuko duen orain gure lagun mokoloak.