Viernes, 27 de abril de 2007
Registro Hemeroteca

en

EDICIÓN IMPRESA

ATAUN ONDARE ARTISTIKOA
Erretaularen distira agerian
Berriztapen lan zehatz eta konplexuen ostean, agerian geratzen ari dira Ataungo San Martin elizako XVII. mendeko errataularen irudi ederrak
Erretaularen distira agerian
Eusebio Corcuera, errataularen berriztapen lanei buruzko azalpenak emanez. [MUNDUATE]
Imprimir noticiaImprimirEnviar noticiaEnviar

Publicidad

ATAUN. DV. Ataun San Martingo eliza berriztapen prozesu sakon batean murgilduta dago. Eraikin bera zaharberritzeaz gain -zorua aldatu da, besteak beste, azpian berokuntza sistema ezarriz- haren barruan aldaketa ugari burutu dira azken hilabeteetan: presbiterioko ordena aldatu da, bataiarria lekuz aldatu, hormetako margoak berriztatu... Alabaina, burutzen ari diren lanen artean deigarrienetakoa, agian, XVII. mendeko erretaularen berriztapena izango litzateke.

Restauraciones Siglo XXI enpresako langile talde bat ari da lan horretan. Asteazkenean, orain arte egindako lanak zuzenean ikusteko aukera eskainiz bisita gidatu bat antolatu zen eta bertan, Restauraciones Siglo XXI enpresako arduradun Eusebio Corcuerak lanen azalpen luze, zabal eta zehatzak eman zituen. Urtebetez bere taldeak erabilitako teknika zehatzak azaldu zituen alde batetik eta erretaularen edertasuna eta balioa antzemateko kontuan izan beharreko zenbait ikasgai, bestetik.

Behin eta berriz azpimarratu zuen erretaulan azaleratu diren polikromatuen intentsitatea, hainbat urteetan estalita egon eta gero lortu duen bizitasuna, nabarmenak direla benetan.

XVII. mendeko lana

Eusebio Corcuera eta bere taldea ez dira soilik garbiketa lanetan jardun, ikerketaz ere arduratu dira. Bildutako datuen arabera, 1641. urtean erabaki zuen Ataungo herriak bere mailari zegokion adinako erretaula elizan jartzea. Horretarako 7.000 urrezko dukat izendatu zituen, Goierriko herri nagusienetan lehiaketara aurkezteko baldintzak ere zabalduz. Ohitura zen moduan, epea zabalik egon zen bitartean suziri edo kandela bat piztuta egon zen eliz atarian, epea bukatutakoan itzaltzen zena. Bi arkitektok hartu zuten bere gain lana egiteko ardura, Mateo de Zabalia eta Diego Mayorak. Lau urtetan bukatzeko konpromisoa hartu zuten. Baina lanak luzatu egin ziren eta hamaika urte behar izan zituzten lanak amaitzeko. Sinatutako kontratuan, lanak bere garaian ez amaituz gero, zigorra ere izango zutela jasotzen zen, berandutzen zen urteko 200 dukat. Beraz, 1.400 dukat aurreratu zituzten.

Hurrengo berrikuntza

Aurkitutako datuek diote, XVIII. mende hasieran edo, aldare nagusia sortaldetik (oraingo ate nagusia eta korua dauden aldean zegoen orduan) sartaldera, oraingo tokira, aldatu zutela eta hemen berriro eranskin berriak egin beharrean aurkitu zirela, aurreko horma osoa estaltzeko. Orduan egin zituzten aldare erdi-erdian dagoen San Martinen irudia eta hortik gorako eta aldamenetako bi aldareak.

Eusebio Corcuera adituaren esanetan, erretaulak orotara duen polikromatua oso berezia da, fina eta gusto handiarekin egindakoa. Bera, ordea, zerbaitekin geratzekotan, San Migel Excelsisen irudiarekin geratuko zela adierazi zuen, oso berezia eta ederra dela. Datu guztien arabera -erabat ziurtatzerik ez badago ere-, Luis Salvador Carbona madrildar irudigile ospetsua omen da obra honen egilea, edota bere eskolako norbait.

 
Vocento

Contactar | Mapa web | Aviso legal | Política de privacidad | Publicidad | Master El Correo

Canales RSS