Inaugurazio garaian gaude. Parkeak, kiroldegiak, errepideak, Euskal Herri berria, bide gorri itsuak, zebra bideak... Dena da berria, eta dena inauguratu behar. Inaugurazioek, normalean, jubilatu despistaturen bat erakarri ohi dute. Bestalde, politikariei ez datorkie gaizki. Nik, behintzat, ez dut ezagutzen propaganda egiteko doako modu eraginkorragorik. Bueno, bai, ezagutzen dut. Herri honetako sukaldariek bai dakitela zer den propaganda musu truk jasotzea. Hala ere, politikariez ari nintzen. Hain zuzen ere, beraiek dira gure eskubide eta betebeharren sukaldariak Aspaldi erreak, esan badaiteke.
Bada, inaugurazio xelebre bat ikusi nuen aurrekoan prentsan. Gonzalez de Txabarri jaunak Aritzetako aparkaleku publikoa inauguratu zuen. Inaugurazio kitzikagarria, inondik ere; motorrak burrunbaka jartzeko modukoa.
Aurreskulariek, kasu, jauzi egiteko toki ezin hobea aurkitu zuen aparkalekuko marra zurien artean. Pentsatzekoa da luncha librea egongo zela gero, politikariak tartean egonda... Halaxe inauguratu zuten aparkalekua. Ze, arestian esan bezala, herri honetan dena inauguratzen da. Batez ere orain, hauteskundeen bezperan gaudela.
Donostiarron kasuan, doako propaganda bitxia atera zaio alkateari: Pro Odon foroa. Tele Donosti jartzen baduzue sarritan ikusiko duzue Odonen aldeko foro horren propaganda. Pantailaren herena hartzen du. Gure alkateak ondo bete omen du bere lana. Horregatik sortu dute haren aldeko plataforma unibertsitateko irakasle eta enparauek. Gauza jakina da politikariek inaugurazioak bezainbat maite dituztela unibertsitateko irakasleek foroak. Horregatik atera dute batzuek berea: Odon Molon.