Viernes, 27 de abril de 2007
Registro Hemeroteca

en

EDICIÓN IMPRESA

Cultura
Gaurkotu egin du Saizarbitoriak 'Egunero hasten delako', testua ukituz eta hitzaurrea erantsiz
Aritz Gorrotxategiren 'Zaldi hustua' bigarren poema liburuarekin batera aurkeztu zuen atzo Erein argitaletxeak
Gaurkotu egin du Saizarbitoriak 'Egunero hasten delako', testua ukituz eta hitzaurrea erantsiz
2002an argitaratu zuen Gorrotxategik honen aurreko poemarioa. [LUSA]
Imprimir noticiaImprimirEnviar noticiaEnviar

Publicidad

DONOSTIA. DV. Aurkezpen bikoitza egin zuen atzo Erein argitaletxeak: Ramon Saizarbitoriak duela ia 40 urte idatzi zuen Egunero hasten delako eleberriaren bertsio 'berrikusia' eta Aritz Gorrotxategiren Zaldi hustua poema liburua ekarri zituen esku banatan Iñaki Aldekoa editoreak, Gorrotxategiren eta Saizarbitoriaren lanak aurkeztu zituzten Juan Ramon Makuso eta Mikel Hernández Abaituarekin laguntzaz.

Betetzeko, hustu

Honekin sei liburu kalean dituen Aritz Gorrotxagiren (Donostia, 1975) literatur ibilbidean «mugarria» izango da, Juan Ramon Makusoren ustez, Zaldi hustua. Zortzi ataletan elkarren arteko lotura sendoak dituzten berrogei bat poema biltzen dituen liburua «heldutasun aroaren» emaitza dela azaldu zuen, non egilea hustu egiten den irakurlea betetzeko.

Bat etorri zen egilea aurkezlearekin, «hustuketa moduko bat» egin duela esatean, Troiako zaldiarekin gertatu zen bezala «hutsunetik sortzen baitira bizitza zein heriotza». Ugariak dira liburuan denborak kamustu ez dituen sinboloen indarra duten irudiak -zaldia nagusi, eta horren ondoan itsua, haria, gurutzea...-, eta are ugariagoak literaturaren inguruko erreferentziak; «beti erabili izan dut literatura makulu modura», azaldu zuen Gorrotxategik.

Zaldi hustua ez da, haatik, liburu iluna edota eguneroko kontuetatik urrun dabilena. Aritz Gorrotxategiren poemek «egunerokotasuna sakontzeko» duten gaitasuna azpimarratu zuen Juan Ramon Makusok. «Egunero hasten delako, bizi-goseak egunero eramaten gaitu bizitzera», biribildu zuen Gorrotxategik.

'Egunero' gaurkotua

Saizarbitoriak ezin izan zuenez aurkezpenean parte hartu, haren obra ondo ezagutzen duen Mikel Hernández Abaituak eman zuen Egunero hasten delako eleberriaren berrikuspenaren berri. 1968an 24 urteko Saizarbitoria batek Suitzan idatzitako lana 1969an argitaratu zen estreinakoz Euskal Herrian. Lagun arteko ahaleginak izan ziren frankismo beteko aurreneko edizioak -nahiko oharkabean eta arrakasta handirik gabe joan zirenak- eta galdua da orduz geroztikoen kontua. Azken hogei urteetakoen ardura izan duen Ereinek poltsikoko edizioan plazaratu du orain, «irakurle gazte eta berrientzat». Hori kontuan hartuta da bereziki garrantzitsua Hernández Abaituaren ustez «garai haietako mundu triste eta grisa» ez ezik liburuak berak egin zuen «ibilbide harrigarria» gogora dakarren Saizarbitoriaren hitzaurrea. Horrez gain, zati batzuk kendu eta beste batzuk erantsi dizkio idazleak jatorrizkoari, nahiz eta ez den «aldaketa handirik igartzen». Bereziki nabarmentzen direnak, alegia, eleberriaren «modernotasuna eta gaurkotasuna» dira.

 
Vocento

Contactar | Mapa web | Aviso legal | Política de privacidad | Publicidad | Master El Correo

Canales RSS