USURBIL. DV. Bi garaipen eta berdinketa bat. Horixe izan da Usurbil Futbol Taldearen asteburuko balantzea. 1. Erregional eta emakumekoen taldeek euren partidak irabazi zituzten eta jubenilek, berriz, berdinketa lortu zuten Haranen.
1. Erregional mailako taldeak 1-0 irabazi zuen Bergararen aurka Harane futbol zelaian pasa den larunbatean jokatutako neurketa. Azken 3 jardunaldietan estuasunik ez pasatzeko garaipena behar beharrezkoa zuten usurbildarrek eta ez zuten huts egin. Norgehiagoka bero eta gogorra izan zen larunbatekoa, baina Egoitz Bordak sartutako gola nahikoa izan zen 3 puntuak eskuratu ahal izateko.
Honela bada, mailari eusteko ez du arazorik izango talde honek. Jaitsiera postuetatik ihes egin eta sailkapenaren erdira gerturatu dira azken neurketetan lortutako puntuekin eta bide batez, 2. itzuli bikaina egiten jarraitzen dute. Lehen itzulian 10 puntu besterik ez zituzten lortu, baina bigarrenean dagoeneko 25 puntu dituzte poltsikoan. Azken finean, 2. itzuliko hirugarren talde onena da Usurbil Futbol Taldea eta une honetan 10. postuan kokatuta da 8. postuan dagoen Bergararengandik 3 puntura.
Bestalde, Haranen erregionalen partidan egin ohi den DIA supermerkatuak emandako janari lotearen zozketan 468 zenbakia izan zen sariduna. Saritua izan bazara, deitu honako telefono zenbakira: 653-72 80 59.
Nesken taldeak ere garaipena lortu zuen Andoainen Euskaldunaren aurka jokatu zuten neurketan. Herriko jokalariek 0-2 irabazi zuten larunbatean eta hiru puntuekin itzuli ziren etxera. Lehenengo zatia 0-0koarekin amaitu zen, baina atsedenaldiaren ondoren aurreratu zen herriko taldea Ane Eguesek sartutako golari esker. Alde horri eusteko arazorik ez zuten izan eta amaieran Ainhoa Otxagabiak egin zuen partida erabakita utzi zuen gola.
Azkenik, 1. Jubenil mailako taldeak 3-3 berdindu zuen Idiazabalen aurka Haranen. Atsedenaldira 2-1 aurretik iritsi ziren, Mikel Tena eta Martin Salsamendiren golei esker. Hala ere, ondoren epailea izan zen protagonista. Berak adierazitako penalti baten bidez berdindu zuten aurkariek eta 3. gola ere jokoz kanpoko jokaldi batean etorri zen. Hala ere, dena galduta zirudienean berdinketaren gola egin zuten usurbildarrek.