USURBIL. DV. Gaurtik ostiralera bitartean Nafartarrak Kultur Elkarteak eta Udalak 'Independentziaren sustraiak' izendatu duten ekitaldi sorta izango da Sutegiko auditorioan 19:30ean hasita.
Kultur Aste honi hasiera emateko, Euskal Herriko historiaurreaz hitz egingo du Joseba Asironek. Historiaurrea, proto-historia, Burdin Aroa, zeltak, mono- litoak... izango ditu bertan hizpide. Glaziazioez geroztikako herri baten ikuskera, alegia, hizkuntza, kultura, eraikin megalitikoak eta gaurdaino ailegatu den lurralde baten presentziaren iraunkortasuna, besteak beste, ditugu ondare misteriotsu.
Bihar, 'Baskonia-Euskal Herria -Nafarroaren kronologia historikoa' hitzaldia izango da Mikel Sorauren eskutik. Euskal Herriaren bilakaera historikoaren ikuspegi orokorra azalduko du. Glaziazioen bukaeratik, erromatarren garaia, germaniarren presentzia, erakundetze bilakaera propioak: Baskonia, Iruñeko Erreinua, Nafarroako Erreinua, Estatu propioaren suntsiketa, gerra karlistak eta okupatzen gaituzten estatuen aldetiko lurralde euskaldunen asimilazio proiektua.
'Basque country independent 2012' izango da osteguneko hitzaldiaren izena. Gabriel Eskurdia Gabirelen esanetan ez da sekula gure historia garaikidean independentziarako baldintza hoberik izan orain baino, eta ez da inoiz hain premiazkoa izan. «Nazio independentzia bideragarria da 2012rako (Nafarroaren konkistatik 500 urte beteko da). Hiriburutza bikoitza duen nazioa posible da: politikoa Iruñean (Washington) eta ekonomikoa Bilbon (New York), hainbat proiektu elkarrekin batuz».
Azkenik, ostiralean Usurbilgo pasabide historikoak biltzen dituen emanaldi fotografikoa eta dokumentatua eskainiko da. Bertan, Usurbilen gertatutako hainbat pasadizo jasotzen dituen Nafartarrak Kultur Elkarteak eta Nabarraldek egindako DVD-a aurkeztuko da. Santa Cruzko apaizaren ihesa; megalitoak Usurbilen; Kalezar, Belmonteko Jaurgoa: Usurbilen jatorria; Nafarroako erresumarekiko loturak eta baserrien sorrera azalduko dira, Usurbilen gaurko errealitatea eta herritarren jitea landu dituen gertaera eta usadioak hain zuzen.