AZPEITIA. DV. Iazko esperientzia errepikatuz, Udal Kirol Patronatuak udaberri eta udan zehar luzatuko diren tenis ikastaroak antolatu ditu. Maiatzaren hasieran jarriko dira martxan lehen ikastaroak, eta ekainean eta uztailean ere egingo dira, kirolgune berriko pistetan.
Maiatzean eta ekainean, goizez helduei zuzendutako ikastaroak prestatu dituzte, eta arratsaldez bereziki gaztetxoei zuzendutakoak. Helduenak, goizeko 11:00etan hasita, astearte eta ostegunetan emango dira. Arratsalderako, berriz, bi txanda antolatu dituzte. 18:30ean 12 eta 14 urte artekoek izango dute izena emateko aukera, eta 19:30ean hasiko da 15 urtetik gorakoentzako ikastaroa. Arratsalderako jarri diren ikastaroak astean hiru egunetan emango dira, astelehen, asteazken eta ostiraletan.
Bai goizez, bai arratsaldez egingo diren ikastaroak martxan jarri ahal izateko gutxienez sei eta gehienez hamar lagunek eman beharko dute izena. Ordainari dagokionez, goizeko ikastaroan Kirol Patronatuko bazkide direnek 32 euro ordaindu behar dute, eta 54 euro bazkide ez direnek. Arratsaldeko ikastaroetan, bazkideentzat prezioa 48 eurokoa da, eta 80 eurokoa bazkide ez direnentzat.
Uztailean gehiago
Uztailean ordutegi aukera zabalagoa eskainiko du Kirol Patronatuak tenis ikastaroetan parte hartu nahi dutenentzat.
Uztailerako hamar eguneko ikastaroak prestatu dituzte patronatuko arduradunek, eta klaseak astelehenetik ostiralera luzatuko dira. Bost ordutegi izango dira guztira aukeran. Txikiei zuzenduta, goizez, hiru aukera daude: 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan. Helduek arratsaldeko taldeetan izango dute aukera, eta hauek bi ordutegi izango dituzte eskura, bata 18:30ean eta bestea 19:30ean.
Uztaileko ikastaroetan ere gu- txienez sei eta gehienez hamar laguneko taldeak onartuko dituzte antolatzaileek. Hamar eguneko ikastaro horien prezioari dagokionez, 18 urtetik beherakoek 40 ordaindu beharko dute, Patronatuko bazkideak badira, eta 70 euro bazkide ez direnek. 18 urtetik gorakoentzat prezioa 48 eurokoa izango da, bazkideen kasuan, eta 80 eurokoa bazkide ez diren gainerakoentzat.