GETARIA. DV. Larunbatean, apirilaren 28an, jokatuko da Kostabelak, Euskadiko Kirol Portuak (EKP) eta Getariako Udalaren laguntzarekin antolatutako 'La Gaviota' estropadaren VIII. edizioa.
Guztira 30 bat ontzik parte hartuko dute larunbatean Getaria eta Bermeoko La Gaviota plataformaren artean jokatuko den estropadan. Hondarribia, Getaria, Orio, Mutriku eta Zumaiako ontziak izango dira parte-hartzaileak, nahiz eta antolatzaileek gustora hartuko luketen Bilbotik ere bela-ontziren bat azalduko balitz. Parte hartzen duten bela-ontziak 7 eta 12,5 metro bitartekoak dira.
50 miliako ibilbidea egingo dute denek larunbateko estropadan, Getariatik Bermeoko La Gaviotarainoko joan etorrian. Irteera larunbatean eguerdiko 12:00etan egingo da Getariako Kirol Portutik, eta haize eta itsaso kondizio egokietan, lehen ontzia iluntzeko 20:00ak edo 21:00ak ingururako itzultzea espero da. Azkena, berriz, goizeko 4:00rak baino lehen ez da itzuliko.
Trofeo berezia
Sari banaketa igandean egingo da 13:00etatik aurrera. Garaileak sari moduan trofeo bat jasoko du, Getariako kaian kokatua dagoen Juan Sebastian Elkanoren estatuaren brontzezko erreplika bat, Getariako Udalak Kostabelari emandakoa. Hala ere, trofeo honen jabetza lortzeko, parte-hartzaileek hiru garaipen lortu beharko dituzte jarraian, edo bost txandaka lehiaketa honen hurrengo edizioetan. Trofeoa konpetizioan sartzen den bigarren edizioa da hau. Iazko irabazleak, Ausart bela-ontziak, Ricardo Peña zumaiarrak eramanda, aurten ere parte hartuko du.
Aurretik ostiralean, arratsaldeko 19:00etan Kirol Portuko aparkalekuan kokatuko den 200 metro karratuko karpan, La Gaviota estropadaren aurkezpen ofiziala egingo da eta konpetezioan izena emateko epea zabalduko da, Kosatabelak antolatutako neguko bela txapelketako irabazleari bandera eman ostean.
Laguntzaileen artean, EKP; Getariako Udala, Euskalmet, Heineken, Indaux, Gurutze Gorria, Euskadiko Bela Federazioa, Balearri jatetxea, Nautilus, Gráficas Otzarreta, Amilibia, Engranajes Juaristi eta Txomin Etxaniz.