USURBIL. DV. Santixabel jaiak gero eta gertuago ditugu. Duela hilabete pasatxo hasi ziren herriko festak antolatzen, eta ekimen desberdinak ere martxan dira dagoeneko. Santixabeletako egitarauaren diseinua egiteko lehiaketan parte hartu nahi dutenek maiatzaren 21a baino lehen aurkeztu beharko dituzte beraien proposamenak Usurbilgo Udaleko Soziokultura Zerbitzuan.
Bestalde, Santixabeletako bi danborradetarako prestaketa lanetan ere hasi dira. Aurten uztailaren 1ean, Santixabel bezperan izango dira haurren eta helduen danborradak. Lehenengoak 12.30ak aldera hasiko dute beraien ibilbidea eta helduak, berriz, 19.30etatik 22.30etara ibiliko dira kalez kale.
Hala ere, aurretik entsaioak behar beharrezkoak izaten dira eta bi danborrada hauetan parte hartu ahal izateko izena emateko deialdia egin dute danborradako antolatzaileek. Maiatzaren 4an izango da haurren izenak emateko eguna Agerialdeko patioan. Lehen entsaioa, berriz, maiatzaren 11n izango da 19.00etatik 19.45etara.
Helduei dagokionez, maiatzaren 11n Ageri Aldera azaldu beharko dute danborradan parte hartu nahi dutenek 20.30etatik aurrera. Izena emateaz gain, helduen danborradako lehen entsaioa egingo dela iragarri dute.