ZUMAIA. DV. Aita Mari arraun elkarteko kideentzat asteburu ona izan da, izan ere, Sestaon jokatu den Euskadiko batel txapelketan maila ona erakutsi dute Zumaiako lau ontziek.
Neskak izan dira pozik handienak eman dituztenak. Infantil-kadete mailan, Euskadiko txapeldun izendatu dira zumaiar gazteak, bere estropadan irabazi ondoren. Hiru segundoko aldea atera zieten zumaiarrek Ondarruko arraunlariei. Artibai izan zen hirugarren eta laugarren San Pedro. Datorren asteburuan Galiziara abiatuko dira, Espainiako txapelketa jokatuko baita bertan. Aintzane, Libana, Mirari, Atsegi, Olatz eta Maitane izan dira, Xebastian Leitzak gidatuta, maila honetan aritu diren arraunlariak.
Beste mailatan ere ondo aritu dira zumaiarrak. Emakumezkoetan, jubenil mailan, bigarren izan ziren Aita Marikoak, Oriorekiko bost segundora. Gizonezkoetan, berriz, federazio saria irabazi dute, bai jubeniletan, bai infantiletan.
Trainerillak Zumaian
Trainerillen XXV. San Telmo saria jokatu zen igande arratsaldean Zumaian. Zumaiar eta kanpotarrez osatutako jendetzak hartu zuen Julio Beobide ibiltokia eta itxura benetan ederra ematen zuen ibaiaren itsasoratzeak.
Estropadan bigarren txandan aritu zen Zarautzek irabazi zuen 10:00:49 denborarekin. Zarauztik bandera urdin erraldoi batekin inguratu ziren zaletuek ederki txalotu zuten hauen garaipena. Estropada honen 25. edizioa zela-eta, garaikurraz gain bandera bat eraman zuten irabazleek.
Zarautzekin batera, bigarren txandan aritu zen Castroko ontzia izan zen bigarrena, irabazleekiko ia 10 segundotara. Herriko hiru ontziei dagokionez, Zumaia A hirugarren izan zen, Zumaia B bosgarren eta Zumaia C, berriz, zazpigarren.
Estropada jokatzen ari zen bitartean, arraun elkartearen otarraren zozketa egin zen. Zenbaki saritua 14.314 izan zen. Honen jabeak 15 eguneko epea du saria eskuratzeko. Ordezko zenbakia 16.146 da.