SEGURA. DV. Haziak bedeinkatzeko erritoa Santa Engrazi egunari jarraitzen dioen asteburuan egiten denez, igandean egun handia izan zen Oria ibai ertzeko baselizan. Ohiturak 400 urte baino gehiago iraun du bizirik eta igandean ere hainbat baserritar inguratu zen Santa Engrazira haziak bedeinkatu eta izadiaren festa ospatzera.
Eguraldia ere portatu zen eta giro zoragarria zegoen eguerdiko 12etan, eliz atarian erritoari hasiera eman zitzaionean. Hazien zestotxoak eta ur ontzi bi mahaien gainean jarrita zirela eta jendea beraien bueltan, Jose Luis Agirretxe parrokoak egin zuen bedeinkazioa erramu adarrarekin
Ondoren auzoan hildakoen aldeko meza ospatu zen eliz atarian bertan eta Sakristau-Etxe baserriko Ormazabal sendikoek Udalaren laguntzaz eskaini zuten hamaiketakoarekin amaitu zen festa eguna.
Apirilak 16 egin arte itxaroten dute inguruko baserritarrek ereiteko eta igandean ere produktu askoren haziekin betetako zestotxoak ikus zitezkeen Santa Engrazin.
Babarrunak, artoa, azenarioak, ilarrak, patatak denetik eramaten da erritoan parte hartzeko eta ura ere bakoitzak bere etxekoa bedeinkatzeko ere ohitua zabaldua dago, gero soroak ureztatu eta uzta oparoa izan dadin eskatzeko.