Ni errepideak ez nau estresatzen. Erraza da istripuen errua karretera zaharkituei botatzea, zuloz eta trabaz betetako autobideei, bihurgune itxiegiei, zoru irregularrari. Gaur egun errepideak hilkutxa dira. Madarikatuak errepideak! Eta zorigaitzekoa eguraldia ze, euria egiten badu, horratx bigarren arrazoia istripuen kopurua igotzeko. Neu ere dezente ibiltzen naiz Euskal Herriko errepideetan eta badakit zein egoeratan dauden. Ez naiz ni hasiko esaten puntuen araberako gida baimena uste zen bezain eraginkorra izan den ala ez. Baina ordu asko ematen ditut autoa gidatzen eta oso argi daukat ni estresatzen nautenak beste autoetako gidariak direla. Seinaleei batere kasurik egin gabe orduko 180 kilometroko abiaduran ibiltzen diren horiek. Beste auto baten atzean joateak hotzikara eragiten dieten horiek. Frenoa zapaltze hutsak beren onetik atera-tzen dituenak. Zu parean edo traban zaudela pentsatzen badute argiak botatzen hasten direnak, kendu paretik oihuka.
Pasa den udan Marokon izan nin-tzen. Fez hirian ginela, milaka kale estuz beteriko medinan, milaka per-tsonez, ehunka saltokiz beteriko zonaldean, tarteka «balak! balak!» entzuten zenuen garrasika norbait. Atzera begiratzean ohartzen zinen astoa zenuela gainean eta oihuka zebilena jabea zen, «paretik kendu edo zure gainetik pasako naiz» esanaz. Bada oso antzera ibiltzen da gidari asko gure errepide ziztrinetan, argiekin «balak, balak!» esanaz. Eta horiek dira istripuak eragiten dituztenak. Gidari ero eta burugabeek eragiten dituzten istripuak, ez errepideek.