ALEGIA. DV. Pasa den larunbatean jokatu ziren 7e Pasa Pilota Txapelketako final laurdenetako partidak, eta, ondorioz, ezagutu dira jada finalaurrekoak jokatuko dituzten lau bikoteak: Iker Iriarte-Iker Zubeldia, Jon Murua-Beñat Murua, Gari Zubillaga-Beñat Garmendia, Mikel Artola-Joseba Otegi (Galarreta).
Esan bezala, joan den larunbat arratsaldean jokatu ziren final laurdenetako partidak Alegiko pilotalekuan. Lehenengo partida Iriarte eta Zubeldiak Alain eta Iñakiren aurka jokatu zuten. Markagailua 8-4ean zela, ordea, Alainek min hartu zuen eta hortxe amaitu zen partida. Horrela, Iriarte eta Zubeldia pasa ziren finalaurrekoetara.
Bigarren partida Murua anaiek jokatu zuten Igor eta Jonen aurka, eta lehenengoek lortu zuten finalaurrekoetarako txartela, 22-16 irabazi ostean euren partida. Hirugarrena Garik eta Beñatek Julen eta Aitorren aurka jokatutakoa izan zen. Hemen ere, lehenengoak garaile, 22-10 irabazita. Azken partida, berriz, Artolak eta Galarretak Xabier eta Jokinen aurka jokatutakoa izan zen, eta honetan ere lehenengo bikotea garaile, 22-8 irabazi ondoren.
Finalerdiak honako hauek izango dira: Iriarte-Zubeldia/Murua anaiak, Gari-Beñat/Artola-Galarreta.