ORMAIZTEGI. DV. Asteburuan eskolarteko txirrindu probak gauzatu ziren herriko kaleetan zehar. Probak giro onean burutu ziren eta benjamin, alebin eta infantil mailako neska mutilek parte hartu zuten. Ibilbidea 800 metroko zirkuitu itxiak osatzen zuen, mailen arabera bi, bost edo hamabi bira eman behar izan zizkioten. Andoain, Tolosa, Villabona eta Goierriko eskoletako kirolariek parte hartu zuten.
16:30tan eman zitzaien probei hasiera. Lehen lasterketa benjaminen mailakoa izan zen. Ibilbideari bi bira eman behar izan zioten, amaieran benjamin mailako txapelduna Unai Aranburu herritarra izan zen. Bigarren postua, berriz, Mikel Gonzalezentzat izan zen. Hirugarren Julen Etxeberria herritarra iritsi zen, eta txirrindulari batek sari bat baino gehiago eskura ez zezan azken honek eraman zuen lehenengo herritarraren saria. Benjamin mailan lehenengo neskarentzako saria Uxue Ibañezek lortu zuen.
Alebin mailan 10-12 urteko neska mutilek parte hartzen dute, ibilbideari bost bira eman behar izan zioten. Aipatu mailakoen lasterketa hau aurrekoena bezala esprintean erabaki zen. Helmugaratzen lehena Ander Alonso herritarra izan zen. Bigarren postua Unai Goikoetxearentzat izan zen. Lehenengo herritarraren saria Xabat Aranburuk jaso zuen eta helmugaratu zen lehenengo neska Maria Ibañez izan zen. Infantil mailako gaztetxoek 12 bira eman behar izan zizkioten ibilbideari. Lehenengo txirrindularia Alex Goiogana tolosarra izan zen eta bigarren Iñaki Aldanondo helmugaratu zen. Lehenengo herritarraren saria Unai Maiorak eskuratu zuen. Helmugaratzen lehenengo neska Irene Usabiaga izan zen.