Haurren tanborradaren zuzendaria izana, Jon Urbietak lehen aldiz zuzenduko du aurten helduen tanborrada. Berarekin hitz egin dugu.
- Tanborrada handia zuzentzen duzun lehen urtea da. Zergatik hartu duzu ardura hau?
- Tanborrada txikitatik oso gustokoa izan dut. Hainbat urtetan tanborradako zuzendaria izan den Isaak Aranberrik aurten utzi izan behar zuen antolaketa lanak. Bilera bat antolatu zen eta ez zen inor agertu, neu izan ezik. Hor ikusten da gaur egungo gazte jendeak, jende gehienak esango nuke, ez dela ezertan inplikatzen. Gaurko jendearen helburua ondo pasatzea da. Eta kitto. Ardura hau hartu nuen gogoa nuelako, San Telmoetako ekitaldi garrantzitsuena delako nire aburuz. Probatzeko gogoa nuen.
- Aurretik parte hartu al duzu tanborradan?
- Haurren tanborrada lau urtez jarraian zuzendu nuen, 2000tik 2003ra. Han ere oso gustura ibili nintzen. Helduen tanborradan orain bi urte hasi nintzen jotzen. Hauetaz aparte, iaz San Pedrotako tanborradan jotzen hasi nin-tzen. Aprobetxatu nahi nuke jendea tanborradetan parte hartzera gonbidatzeko. Bai San Telmotakoa, bai San Pedrotakoa, tanborrada irekiak dira, ez dira alderdi politiko edo talde konkretu batek antolatutakoak. 18 urtetik gorako edozeinek har dezake parte tanborradetan.
- Haurren eta helduen tanborradak zuzentzeak ba al du desberdintasunik?
- Haurren entseguetan erredobleak nola egin, makilak nola heldu eta horrelako gauzak eraku- tsi behar izaten zen. Kantak ere ikasi egin behar izaten ziren eta horregatik denbora gehiago behar izaten zen. Helduek kantak buruz dakizkite eta erraztasun gehiagorekin jotzen ditugu. Entseguak hilabete lehenagotik hastearekin nahikoa izaten da, baina, agian, nik lehenago hasiko nituzke.
- Zenbat kanta jotzen dituzue?
- 11 kanta dira tanborradan joko direnak, hauetatik bi orain arte jotzen ez zirenak. Bat berria da, Diana txiki izenekoa. Azpeitian jotzen den kanta bat da hau. Urtarrilean han izan zen jaialdi batean parte hartu genuen eta gure errepertorioan sartzea erabaki dugu. Aspaldiko partez, Gure polka izeneko pieza ere joko dugu. Aurreko zuzendariak alde batera utzi zuen, bere zailtasunak dituelako, batez ere, barrikek erredoble asko dituztelako eta kanta beraren azkartasunagatik. Kanta hori berriro sartzea erronka bezala hartu dut.
- Zenbat jendek hartzen du parte helduen tanborradan?
- Gehienez 90 pertsonak hartu izan du parte tanborradan. Aurten urteroko 80-85 lagun hurreratu dira entseguetara. Horietaz gain, jende berria eta azken mementuan apuntatutako beterano batzuk ere etorri dira. Guztira 105 bat lagun aterako gara, espero genuena baino gehiago. Jende berri hau danborrak jotzen hasten dira, barrikak jotzea zailagoa baita, erredoble gehiago jo behar izaten baitituzte. Lagun berriak izateak entseguak pixka bat gelditu egin ditu, baina espero dut iganderako dena prest egotea.
- Ze bilakaera izan du tanborradak azken urteetan?
- Uste dut gertatu dela jende oso gaztea sartu dela tanborradan eta aurrez ibiltzen ziren asko, beteranoak, utzi egin dutela. Helduen tanborrada gero eta adin txikiko jendearekin osatu da azken urteotan. Lehen, agian, adin desberdintasun handiago zegoen. 20tik 30-35 urteko jendeak hartzen zuen parte. Aurten, berriz, 16 urtetik hasi eta asko jota 25 urte arteko tanborrariak ditugu. Jende helduago horrek parte ez hartzea penagarria da.
- Tanborradak Zumaian indarra hartu du. Zergatik uste duzu hala gertatu dela?
- Zarata ateratzea jende guztiari gustatzen zaio. Hori izan daiteke arrazoi bat. Bestalde, tanborradarik izango ez balitz, festak pixka bat tristeagoak izango lirateke. Banderaren igoera, adibidez, zerbaitekin bete behar da eta hor tanborren soinuak indarra ematen dio. Uste dut jaiei hasiera emateko zerbait indartsua egon behar duela, eta tanborrada hori da.
- Une garrantzitsuena edo hunkigarriena banderaren igoera da.
- Bai, hala da. Jende pila bat izaten da begira. Fokuak ere pizten dira. Banderaren musika ozenago entzuten da. Uste dut kanpotik ere gero eta jende gehiago etortzen dela, nahiz eta beste herrietan astelehena laneguna izan. Tanborrada eta festa giroa ikusita, kanpotarrak gustura joaten dira herritik.
- Data hurreratzen ari da. Nerbioak sumatzen al dituzu?
- Atzo (asteazkenagatik), adibidez, nahiko urduri nengoen. Dena ea ondo aterako zaigun pentsa-tzen egon nintzen. Lehen urtea da zuzendari bezala eta urduri nengoen, ardura handia baita. Gauza asko dira denak batera, baina uste dut lehen urteko kontua bakarrik izango dela. Datorren urtean lotsak joango zaizkit. Hala espero dut, behintzat.
- Horretaz aparte, nola biziko dituzu San Telmoak?
- 'A tope'. Ondo pasa, dantza egin eta herrian antolatzen diren ekitaldi eta jaialdi guztiak ikusi nahi izaten ditut. Azken finean, dauden gauza guztiak aprobetxatu behar dira. Urtean behin dira eta topera bizi behar dira.