ZUMAIA. DV. Badatoz Santelmoak. Datozen bi asteburutan alkandora urdinez beteko zaigu herria. Ohi bezala, festei hasiera ematen dien txupinazoa edo suziria bihar eguerdiko 12tan jaurtiko da San Telmo ermita paretik. Aurretik, ordea, izango da zer entzun eta ikusi herrian.
Arratsaldeko 7tan, Aita Mari zine aretoan, San Pedro txikienak eta txiki abesbatzen kontzertua izango da. hasteko, San Pedro txikienak abesbatzak Ibiltzen ari naiz, Azokara, Nere gitarra eta La hamaca izeneko kantak abestuko ditu. Jarraian, San Pedro txiki abesbatza igoko da Aita Mariko oholtza gainera. Abesbatzeko kideak idatzitako Kantuz izeneko abestiarekin hasiko dira. Jarraian Hymn to freedom, ¿Donde estás corazón? eta Euskaldunak kantak abestuko dituzte. Afrikar jatorrizko zenbait kantuen ondoren, Zumaia tiene a su entrada eta San Telmo martxarekin amaituko da abesbatzen kontzertua. Bi abesbatzen zuzendaria Maria Eugenia Doval izango da. Saioaren aurkezleak, berriz, Olatz Iruretagoiena eta Mikel Zubimendi.
Gaueko 10:30ean Santelmoetako bertso-saioa egingo da Aita Mari zine areto bertan. Lehen mailako bertsolariak arituko dira kantuan: Anjel Mari Peñagariako, Maialen Lujanbio, Joxe Agirre, Amets Arzallus, Jokin Uranga eta Xabier Paya. Gai jartzailea Jon Maia izango da. Sarrerak goizean turismo bulegoan izango dira salgai 8 eurotan. Gauean aretoko leihatila bertan erosi ahal izango dira.
Larunbatera pasata, goizeko 11tan Udal Txistulari Bandaren kalejira egingo da. Eguerdiko 12tan, txupinazoa jaurtikiko da eta jarraian, Musika Eskolako trikitilariek lagunduta jaitsiera egingo da. Ondoren, San Telmo kalean, Itxas Gain elkartearen parean, hamaiketakoa izango da. Tartea alaituz, Bertso Eskolako ikasleek eta trikitilariek hartuko dute parte.
Txosnetako giroa
Txupinazo 'ofiziala' bihar bada ere, txosnetan gaur botako da festen hasierako suziri 'alternatiboa'. Gauerdiko 12tan izango da eta ondoren zurrakapotea izango da.
Txosnak, azken urteetan bezala, Arbustaingo arranpla inguruan kokatu dira eta hiru izango dira guztira. Ekitaldiak egunero izango dira gune honetan. Gaur bertan, gauerdian musika saioa izango da Eskasti, Aritz Sound Systema eta 121 krew/Fuerte Apacheren eskutik.