ZIZURKIL. DV. Tolosaldeako Mankomunitateak, Zizurkilgo Udalarekin lankidetzan sustaturiko konpostaje kanpainaren barruan, konpostagailuak banatuko ditu herriko bizilagunen artean, horretan interesaturik daudenek etxeko, baratzeko eta lorategietako hondakin organikoak metatzeko aukera izan dezaten. Behin konposta egindakoan hortik ateratzen den materiala landareak ongarriztatzeko erabiliko da.
Lurzati bat izan eta ekimen honetan parte hartu nahi duten zizurkildarrek konposta egiteko esku-liburu bat jasotzeaz gain, ongarria egiten ikasteko aukera izango dute.
Honetan interesaturik daudenek egun bat hautatu beharko dute ikastarora joateko, ikasgelan ez baitira 50 lagun baino gehiago sartzen.
Honako egun hauetan eskainiko da aipatu ikastaroa: apirilaren 16, 17, 18, 24 eta 25ean, arratsaldeko zazpietan Fraisoro Nekazal Eskolan, eta apirilaren 21ean goizeko hamaiketan Tolosako Usabal auzoko Laskorain Ikastolan.
Ikastaro honetan, herriko bizilagunek konpostajearen oinarriak eta hainbat datu praktiko ikasiko dituzte.
Era honetan, konposta egiteko gai diren hondakinen berri emango zaie, hala nola, etxeko organikoak: barazkiak, arrautza azalak edo fruta; eta baratzetako eta lorategietako organikoak: belarrak, hostoak eta loreak.
Ikastaroa amaitutakoan, parte hartzaileek urtebeteko aholkularitza zerbitzua jasotzeko aukera ere izango dute, hala euren zalantzak argitu ahal izateko.
Informazioa
Konposta egiteko kanpaina honi buruzko informazioa jaso eta bertan parte hartzeko Tolosaldeako Mankomunitatean izena eman nahi duten zizurkildar guztiek 943-676. 216 telefonora deitu behar dute edota posta elektronikoa erabili: tolosaldea.m@euskalnet.net. Zizurkilgo Udalak begi onez ikusten du baratzak eta lorategiak dituzten herritarren artean konposta egiteko ekimen hau sustatzea eta erabiltzea, izan ere jarrera honek zabor-kopurua murrizten du, eta, aldi berean, lur landua aberasten.
Horregatik, Udalak zizurkildar guztiak ekimen honetan parte hartzera animatzen ditu biziki.