Jueves, 12 de abril de 2007
Registro Hemeroteca

en

EDICIÓN IMPRESA

AlDia
BERRIRO ERE POLIKLINIKAN: LAZKAO TXIKI GOGOAN
Imprimir noticiaImprimirEnviar noticiaEnviar

Publicidad

Bai, lagunok. Egon berri naiz ba, berriro ere, Donostiako Poliklinika deritzan erietxean. An bota det zortzialdia, martxoaren amaseian joanda. Leen bezelakoa dago orain ere. Orain dala iru urte eta erdi, mokorreko ebakuntza nuela-eta, ezagutu bait nuen erietxe ura. Oraingoan, belauneko ebakuntza nuen.

Leen mokorra konpondu zidan Migel Zabaletaren eskuetan jarri nintzan oraingoan ere. Leen lanak ondo egin zizkidalako joan nintzan beregana. Ea oraingoan ere gauza bera esateko moduan naizen. Esperantzak ematen dizkit, naiz eta belauneko ebakuntzak sendatze gogorragoa duen.

Baiña Zabaleta jaunaren aginduak bete egin bear nik. Irakasleak ikasleei etxerako lanak ematen dizkieten bezela, Zabaleta doktoreak ere bere eskutik dijoazen gaixoei etxerako lanak ematen dizkie. Alegia, ankari zer mugimendu eragin, zer eratako ariketak egin, eta abar.

Bere laguntzailleetako batek ere -Maitek- alaxe esan zidan:

-Oye, Nikolai. Ahora a hacer los deberes txintxo, e?

-Bai, neska. Egingo diñagu zerbait.

Bai. Lastima izango litzateke neuk ez zaintzeagatik Zabaletaren lana ez baliatzea. Askok eta askok dakigu, protesis saillean, gaur egun punta-puntan dagoena dala Migel Zabaleta doktorea.

Baiña, ñooo! Beeko ebakuntza-gela ura, serioa dek, mutillak. Nik matadeya deitzen diot.

An eramaten gaituzte kamilleroek, geure oe eta guzti, klin eta klan, jo bazter bat eta jo bestea. Gida-baimenik ez nioke emango, beintzat, ni eraman ninduenari. Alako baldarrik!

-¿Buena suerte, majo! -eta an lagatzen zaituzte errenkadan.

Zera gogoratu zitzaidan: garai bateko Zarauzko Iñurritzako ganadu-iltokia. Egunsentian, baserritik txekorra eramaten genuen. Eta iltokiko atarian, ormetako argoilletan, errenkadan an lotzen genituen txekorrak. Txandan-txandan barrura gero.

Orrelako zerbait dira ebakuntza-leku oiek. Matadeya deituko ez diezu, ba!

Medikuak gizon dotoreak dira, kontsultan daudenean-eta, bata txuriekin eskua luzatu eta «kaixo, zer moduz?», galdetzen dizutenean. Baiña ebakuntza-leku oietan, asko aldatzen dira. An mozorrotuta aritzen bait dira. Umoretsu, gaiñera. Ori da gogorra.

Nik ere orain umorez kontatzen ditut. Baiña, egia esan bear bada, ango egoeran ez nintzan euli bat akabatzeko gai.

Neronek nai bezain azkar ez ninduten jaso 120. gelara, oe-burutik poteak zintzilik nituela. Jainkorik bada, medikuak dira bere parekoak.

Au aaztu egin zait esatea. Bearbada, leenago jarri bearko nuen. Ebakuntza baiño bi egun leenagotik, dalako Maite ark telefonoz deitu zidan, esanaz:

-Nikolai, pasado mañana a las ocho horas en la Poliklinika, eh? Con toda la documentación. Que no se te olvide.

-Sí, chica. Ori den presa, ori.

Bide batez galdetu nion, ba:

-¿Habéis afilado las herramientas?

-Sí. Las tenemos listas: cuchillo, tijeras, maceta y cortante.

Esan nion, ba:

-Muy importante.

Erizaiñak ere alde ederrekoak zeudek, ba. Bai arraiopola! Orain dala iru urte eta erdi zeuden polit aietakoa bakarra zegoen. Eta beste aietakoak, denak.

Bat edo beste badaude trena bezela ibiltzen diranak ere. Aiei txantxa gutxi, eta berak onak. Nere txantxa ere barkatuko aal dute, noski. Neri ondo besterik ez bait zidaten egin, denak ere.

Baiña ezustekoak nunai eta noiznai badaudela ez da gezurra. Ana izeneko erizaiña an etorri zitzaidan bigarren egunean, esanaz:

-Aizu. Emen bertsolariak ondo zaintzen ditugu, ondo portatzen badira.

-Eskerrik asko. Nola dakizu, ba?

-Aaa... Lazkao Txiki ere zaindu nuen nik emen, Poliklinikan.

-Nola daiteke? Urte asko dira Lazkao Txiki emen egon zala.

-Baita ni ere. Ogeita bi urte daramazkit emen.

-Jaio eta segituan etorri al ziñan, ba?

Jarraitu zuen, eta parrez kontatu zidan Lazkao Txikiri buruzkoa.

-Pixa, Joxe Miel, poto onetara egiten jarraitu bear dezu. Jaso egin bear degu neurtzeko.

-Joño! Etxe onetan dena neurtzeko jasotzen dezue. Beste zeozer ere jaso bear al diñat?

Kontatu zidan itxuragatik, aisa sinistu nion. Begira mundu txikia au zer borobilla dan.



Joxe Migel, bertso eta

ipuin-aktorea,

Poliklinikan bada

zure ondarea,

zeure irri eztien

lurrin-zaporea,

azkeneraiño iraun

zizun umorea,

erizaiñetan zauden

krabelin morea,

gu ureztatzen ari

zeran landarea,

iñoiz zimeldu ezin

zintezkeen lorea.



Gazteleraz itz egiten oituak daude, baiña erizain geienak dakite euskeraz.

Galiziar bat ere badago, eta euskeraz ikasten ari da euskaltegian. Zorionak, Susan.



Zenbat aingeru gazte

zaudeten erizain,

pazientziz beteak,

pake-ontzia bezain,

ainbeste goaz eri,

ezur, mami ta zain...

Zuen eskutan osa

daiteke edozein.



Aldameneko oean, Orioko aitona bat nuen gelakide. Berrogeita bi urtez itsasoan arrantzale izana. Bada zerbait, jaunak. Neri, ikaragarria iruditzen zait. Bere izen-deiturak: Joanito Rezabal. Eutsi goiari, aitona.



Biok etorri giñan

ospital batera.

Elkar ezagutzeko

izan da aukera.

Ni zerbait xuxpertuta

banoa etxera.

Zu ere martxa ontan

bereala zera.

Orio alde ortan

ikusiko gera.

 
Vocento

Contactar | Mapa web | Aviso legal | Política de privacidad | Publicidad | Master El Correo

Canales RSS