Angulak eta perritxikoak mintzagai oraingo ontan. Garaian gariko janari ospetsuak maite ditu jendeak gure lurraldean, ta ez da batere arritzekoa gaiñera aspaldiko oitura zarrak mantendu nai izatea.
Zorioneko angulak ainbat biderrez aotan erabiltzen diranak izanik, ostatuetan barrura sartzea naikoa da bestelako kontuak aztu ta bertan bera uzteko. Ainbesteko sona artu zuten emen Orion batez ere, ta iduritzen zait sekulan ez dala galduko angularenganako begirune atsegin eta maitemiñik.
Janari zoragarri asko daude; baiña angulak badute aparteko zerbait, guk ez dakiguna eta ikasiko ez deguna ere bai. Iñoiz ortaratu ez geralako agian. Nik neronek suertez sarritan probatu nituen, len bertsotan ibiltzen giñan garaian.
Uztapide bertsolaria nere antzekoa zan gai ortan: angulazale amorratua. Goizean goiz etxetik irten da bear zan lekura iritxi orduko, tripa zorriak dantzan asten zitzaizkigun sarritan, eta urdaillean aize otsa galanki.
Eskerrak jatetxe ezagunak erririk geientsuenetan bagenituen. Alakoetan gosari onak ez zuen gutxi balio izaten, umorean pixka bat sartzeko ere. Bazkal aurreko bertso saioan gustora jarduten danak gero luzitu lezake dotore antzean.
Beraz, jarraitu dezagun angula kontuan oraingoz. Angulak jatera urruti samarretik etorri oi ziran len Oriora, emen gusto onekoak jartzen zituztela jakiñik.
Itxas aldeko erri auetan gazterik ikasten baidute itxaskiak maneatzen, bertako emakumezkoak batez ere, eta gizonezkoak zer esanik ez. Jatetxeetako nagusitza zeukatenak noiznai ikusten genituen angulak prestatzen.
Ni gogoratzen naiz egun batez Donostin gertatu zitzaidanarekin. Goiz partean joan nintzan enkargu batzuen billa Donostira, ta nere adiskide aundi batekin topo egin nuen.
-Kaixo, Lasarte -zion berak-. Gaur ere bai al da bertso saioren bat?
-Ez degu bertso saiorik. Len ere ez gera erretiratu zarrak.
-Kontxo! Beste galdera bat egingo nizuke pozik, oso presaka ez bazaude, Lasarte.
-Egin, baiña motza.
-Orion zer modutan dabiltza anguleroak? Arrapatzen al dute batere?
-Ez dakit. Ni ez naiz asteko egunetan kalean ibiltzen eta ez det gauza oien berri jakiten. Baiña angularen garaia oraintxe danez, gutxi edo geiago arrapatuko dute noski.
-Lasarte, zuk ez zenduan apizio aundirik izango anguletarako?
-Ez, gizona. Nik ez det apiziorik bein ere izan angulak arrapatzeko, jateko bakarrik, eta esango dizut noiz jan ditudan ederrenak: beste norbaitek ordaindu dizkidanean. Debaldekoak askoz ere goxoagoak baidira.
-Beajondaizula, Lasarte. Arrazoi orrek ez luke merezi alperrik galtzerik.
-Ortxe gelditzen da, ba, jaso nai bazendu -nere adiskide donostiar jatorrari.
Eta oraingoz alde batera utzi ditzagun angula kontuak. Janaldi dexentea egin ondoren beti sortzen da zer esan, ta jarraitu dezaiogun burura jaiotzen zaigunari. Esku artean daukagu beste ixtori zelebre bat, basoko perritxikoena ain zuzen ere.
Onek badu bere garrantzia. Gaurkotasunean perritxikoak modan jarri zaizkigu lenez gaiñera. Badirudi basoetan janari aberasatsak daudela. Arrapazka dabil jendea basoz baso perritxikoak biltzen.
Guk, berriz, Leitzako Franki baserrian biltzen genituen, an bizitu giñan garaian. Aukerakoak gaiñera. Perritxikorik sanoenak zugaitz azpietan sortu oi dira jeneralean. Pagadi, arizti, gaztaindi eta oiek ditu maiteenak perritxikoak. Errezago azitzen da nunbait.
Baiña bada beste modu bat garbiago agertu al izateko. Zugaitz ipurdietan goroldioa egoten danez, perritxikoari babesa ematen dio dalako goroldio orrek, eta epeltasunean gorde denbora berean. Bi gauza batera guxtiz probetxugarriak.
Barea ta ardia dira pikarorik mingarrienak. Barea berez motela dan arren, badu gaiztakerirako abildadea. Beti arrastaka ta mantxo ibiltzen bada ere, nai duenean oso urrutiraiño irixten da, ta perritxikoak usaira billatzen dituelakoan egoten naiz ni.
Beste hau, berriz, polita. Bareak perritxikoari gaiñeko txapela edo sonbreroa zulatzen ez dion bitartean, ardiak ez du jango. Baiña artaldea inguruan egokitzean, bakarren bat laister konturatuko da ta perritxiko denak zuztar da guzi jango ditu.
Pertsonarentzat ere txarra izan leike ta kontuz barean probatu gabe dagoen perritxikoarekin, itxura ederrekoa ikusi arren.
Nik emen ematen ditudan argibideak gogoan artzeak ez dizu kalterik egingo, irakurle, geroko damutasunik izan ez eadin.