Akabo Aste Santua... Piztu da Kristo eta lehenera itzuli da kristo guztia: lanera eta janera, eguneroko mundutar afanera. Akabo Aste Santua, akabo mozorro festa. Zer izan da, izan ere, prozesio santuz eta mozorro beltzez euskal kristau herrietan, ene bada Jesus! Esatea merke da. Zeruarena izan da gizakiari asmatzen lanik gutxien eman diona; infernuarena, bigarrena.
Gu, ia urtero bezala, Nafarroako Erriberan egon gara. Corellako Prozesio Santu luzeari albotik begira jarrita (herritarren fedearen errespetu osoan, baldinbaitere), pentsamenduak ere luze ilun goibel dira txirikorda-tzen gure burutan. Batetik, inolako akatsik gabeko jaun-andere zuzenak santutzarrak balira bezala ateratzen dira, mozorropean, kale erdian bertan bezain harro tente potente Jainkoaren beraren aurrean ere. Fede laburreko kristauak izan litezke, akaso, eguneroko bizitzan; baina, hainbesteko kategoria izaki, guztizko esperantzaren jabe daude zerurako bidean. «Ni ez eta nor salbatuko duzu ba, Jauna, jendaila honetatik!?». Santu-tzar horien jiran, berriz, kristau mozorrotu andana paseatzen da, itxuraz damuz lehertzen barrendik, bizkar zigorka eta kate-arrastaka... Errezeloak egiten ditu batek damu usteletan ari ez ote diren, gizaki arruntak izaki. Nork bere buruari ezartzen dion damuak ez baitu penitentzia zinezkorik, eta iraun ere ez baitu instante bat baino irauten: ostiral santuko egunez, bi ordu ozta-ozta. «Salba nazazu ni, Jauna, infernuko su-leizetik! Allakuidaus gainerakoak». (Honen guztiaren sokamuturretik Mozorroaren ipuina kontatuko dizut datorren astean, hemen gaur inola demontre, damurik!, kabitzen ez zaidana).