DONOSTIA. DV. 140tik gora idazle, 26 elkarte, 17 argitaletxe eta ehunka bisitari -milatik gora izan ziren iaz- bilduko dira bihar Sarako Idazleen Biltzarraren 24. edizioan. Euskal Kultur Erakundeak eta Sarako Turismo Bulegoak antolatzen duten Biltzarra goizeko 10etan hasiko eta, protagonista nagusiak literatura, liburuak eta idazleak izango badira ere, besterik ere aurkituko dute bertaratuek, hala nola diskoak, ikus-entzunezko ekoizpenak, argazki eta pintura erakusketak... Goizez eta arratsaldez bisitatu ahal izango dira erakustokiak.
Urtero Pazko astelehenarekin batera iristen den Biltzarra idazleen eta irakurleen arteko bilgune da batik bat. Hartara, hainbat idazlek beren liburuak sinatzeko eta irakurleekin zuzeneko harremana izateko baliatu ohi dute eguna. Liburu berriak ere aurkeztuko dira Saran. Jakin argitaletxearen eskutik, Les artistes de la paix aurkeztuko du Claire Nobliak, Bakearen jaialdiaren lehen edizioan bildutako artisten lanak jasotzen dituen liburua. Sois forte, Lucia eleberria aurkeztuko du, berriz, Maritxu Basurcok, gerra zibilean Euskal Herrian girotutako maitasun istorioa. Iparraldeko bi herriri lotutako nobedaderik ere izango da. Henry Duhauren Dufau bi anaiak Senpereko anaien ibilbidea eta lana ezagutzera ematea du helburu. Andre Etchegoyen eta Annie Dumayren Autrefois Ascain liburuan, berriz, herriaren inguruko oroitzapenak jaso dituzte egileek. Liburu berrien zerrenda Eric Dicharryren Gernika eta abar lanak osatzen du.