OÑATI. DV. Oñatiko Udalak udaleku irekien programa azpikontratatzeko baldintza zerrenda onartu zuen azkenengo osoko bilkuran. Azken hamasei urteetan zuzenean antolatu dituen udaleku irekiak profesionalizatzeko helburuarekin hartu du Udalak aipatu erabakia. Beraz, lehiaketa espezialdutako enpresei zuzendua dago.
Onartutako baldintzen arabera, eskaitzaileek azken bost urteetan antzerako lanetan izandako esperientzia izango da kontuan, eta, aldi berean, herriko begiraleak kontratatzea ere asko baloratuko du Udalak. Halaber, udaleku irekien zerbitzua kudeatu nahi dutenek, gehienez 39.200 euroko proposamena egin beharko dute.
Eskaerak
Lehiaketa irabaziko duen enpresari maiatzaren 1etik uztailaren 31ra arteko kontratua egingo dio Udalak eta hau hiru urtera luza daiteke. Era honetan, aisialdiko programa osatzea, taldeak egokitzea eta begiraleak kontratatu eta prestatzea izango dira, besteak beste, aurrera eramango dituzten betebeharrak. Eskaera aurkezteko epea apirilaren 18ra arte egongo da zabalik.
Azken urteetako datuek islatzen dutenez, udalekuetan hilabete osorako izena ematen duten umeak geroz eta gehiago dira. Honen ondorioz, aurten, txanda bakarra eskaitzearen aldeko apustua egin du Udalak; hortaz ordaintzeko kuota bakarra egongo da. Uztaileko udaleku irekietan hilabete osoa ematen duten umeek 56 euroko izenemate kuota ordaindu beharko dute. Hortaz, udalekuetako kudeaketa profesionalizatzarekin batera, izenemate kuota garestitu egingo da.