ANTZUOLA. DV. Xabier Aranzeta Sumofic taldeko txirrindulari kadeteak denboraldiko bigarren garaipena lortu zuen Urretxuko Amelio Mendijurren Oroimenezkoan, zapatu arratsaldean ospatu zena.
Martxoan baita, Beasainen irabazita zegoen Aranzeta. Han bezala, bakarrik ihes eginda ailegatu zen helmugara, atzetik zeukan Loic Chetout Iparraldeko karrerista baino bederatzi segundo lehenago.
Ormaiztegin jo zuen aurrera Aranzetak beste zenbait lagunekin. Hauek tartea zabaldu zuten, eta Eitzagako igoeran iheskide guztiak atzean laga zituen azkenik. Chetoutek eman zion lanik handiena antzuolarrari, baina hark ere ezin izan zion Aranzetari segi.
Ehun eta hamahiru lagunek hartu zuten parte 46 kilometroko ibilbidea zuen Urretxuko proba honetan.
Beste antzuolar bat ere bazen haien artean, Aitor Laskurain, Aranzetaren taldekidea, hain zuzen ere. Hogeigarren postuan sailkatu zen Aitor Laskurain, zazpigarren sailkatu zen txirrindulariaren denbora berdinarekin, eta probaren irabazleak baino minutu bat eta 54 segundu gehiagorekin.
Larrea, bosgarren
Asteburu oparoa izan zuten Antzuolako txirrindulariek. Gurutz Larrea bosgarren sailkatu zen Amorebieta-Etxanoko Udaberri Sarian, domekan. Bidelan-Kirolgiko kidea lehen tropeleko gizonik azkarrena zela erakutsi zuen sprintean, Lehendakari Txapelketarako puntuagarria zen proban. Hemeretzi eta hogei urteko gazteak aritu ziren.
Salvador Guardiola txirrindulariak irabazi zuen Amorebietako proba, ihesaldiko beste hiru lagunak gaindituz. Haiengandik 42 segundora ailegatu ziren Gurutz Larrea eta beste hamaika ziklista.
Pilota
Aitor Mendizabalek eta Agiriano eskoriatzarrak 22 eta 9 irabazi zioten Nafarroako bikote juniorrari GRAVN txapelketako neurketan, domeka goizean Antzuolan.
Nahikoa erraz jardun zuten etxekoek. Mendizabalek ez zuen asko nabaritu bezperan jokatutako Berria txapelketako finala. Galdu egin zuen hura.