OIARTZUN. DV. Haurtzaro Ikastolak bere aldizkariaren azken alea plazaratu du bigarren hiruhilabetearen amaieran. 37. ale honek ere orain artekoek bezain itxura ederra dauka. Barruan badu edukirik eta gai interesgarririk guraso nahiz ikasleentzat.
'Haurtzaro informatzen' izeneko atalean azken Batzar Nagusiaren berriak agertzen zaizkigu lehenik. Ondoren ikastolako ikasleek, mailaz maila hiruhilabete honetan eginiko irtenaldi eta ibilaldiak. Eta azkenik, Oiartzo batxilergo ikastolako berriak datoz.
'Hatzak bete lan' deitzen den atalean, Haur Hezkuntzako haurrei buruzko esperientziak eta lanak ikus ditzakegu. Arte lanak direla, zirkoa dela, giza gorputza, paperaren berziklaketa Atal berean, kafearen ekoizpenari buruzko argibideak ere badatoz. Eta ondoren, Euskal Herriko Inauteriei buruzko erreportaje ederra. Eta amaitzeko, olerkiak, nota txarrei aurre egiteko aholkuak eta nesken futbolari buruzko gogoeta polita.
Txinpart berriaren erdi aldean, urteroko argazki erakusketa. Aurtengo inauteriei buruzko argazki koloretsuak. Ondoren Euskararen txokoa dator. Bertan Euskaraz bizi, Eskuttun, Korrika eta gainontzeko euskal talde eta proiektuen berri ematen zaigu.
'Gurasook jakin dezagun' atalean, Partzuergoko hezitzaileen idazlan interesgarria dator lehenik. Ondoren, paperaren ekimen berriak, Globalizazioaren zurikeriak eta lotsak
'Gu ere kazetari' du izena azken aurreko atalak. Atal horretan, Haurtzaro Atletismo Taldearen berriak datoz aurreneko orrialdean. Eta ondoren Lur Mitxelenaren idazlana. Eta azken-azkenean, Nahaste-borraste. Denbora- pasak, jolasak
Barne buletina
2007ko ohiko Batzar Nagusian erabaki bezala, Haurtzaro Ikastolak martxan jarri du bere buletina. Ikastolako oharrak aurrerantzean, bere buletinaren bidez zabalduko ditu. Buletina ostiraletan banatuko da, eta bi atal nagusi izango ditu. Lehenengoan berri orokorrak azalduko dira, guraso eta ikasle guztientzat direnak. Eta bigarren atalean, etapa bakoitzari dagozkion gaiak eta berriak azalduko dira.
Beraz, salbuespenak salbuespen, ostiralero jasoko dituzte gurasoek asteko berriak. Hasteko 0 zenbakia banatu dute azken ostiral honetan eta gurpila martxan jarri dute.
Penitentziak
Aste Santuan buru-belarri sartu gara eta Oiartzungo eliztarrei jakinarazi nahi diegu Elkarteko penitentziak, bihar arratsaldeko 7:30ean San Esteban parrokian eta asteartean arratsaldeko 6:30ean Altzibarko Kapera ospatuko direla.
Jaiotza
Joan den ostegunean, Donostiako Ospitalean jaio ziren 8 haurren artean Maren Inziarte Gelbentzu oiartzuarra izan zen. Zorionak guraso eta familiko guztiei.