ZARAUTZ. DV. Zarauzko ezker abertzaleak atzo eguerdian egin zuen bere aurkezpena Arrosategiako parkean. Ehun bat afiliatu eta lagun inguratu ziren bertara, hitza hartu zuten Nerea Permach eta Jexus Goikoetxearekin batera. Nerea Permachek hartu zuen lehendabizi hitza udal hauteskundeak ate joka datozkigula gogoratuz eta aldaketak beharrezkoak eta ezinbestekoak direla azpimarratuz. «Aldaketarik gabe, herri honek ez du etorkizunik. Guztion parte hartzea inoiz baino garrantzitsuagoa den honetan, herri hau marko demokratiko baterako bidean jarri eta gatazka politikoa behin betikoz gainditzeko ezin hobea izan daitekeen proposamenarekin dator ezker abertzalea»
Azken lau urte hauetan, Amalda udaletxetik kanpo egon arren, Zarauzko ezker abertzaleak indartsu jarraitzen duela, adierazi zuten. «Herriarekin eta herriarentzat, jatorri eta izaera ezberdineko herritar askoren artean datorren legealdirako osatu dugun herri programa da lan horren adibiderik garbiena»;
Jexus Goikoetxeak herri programa laburbildu zuen; «euskaraz bizi den eta euskara bizi mantentzen duen Zarautz nahi dugu; kultur politika herritarren beharretara egokitu eta parte hartzaileagoa egin nahi dugu; Udalak Zarauzko kirol sistemaren erantzule izan behar du; herritarren beharretara egokitutatako azpiegiturak sortu nahi ditugu; etxebizitza eskubidea bermatuko duen hirigintza politika ezkertiarra defendatzen dugu...».