AZPEITIA. DV. Udaleko Gazteria sailetik haurrei zein gaztetxoei zuzenduta datorren Pazko asterako prestatu dituzten ekintza ezberdinek harrera ona izan dute, bai behintzat aste honetan bertan itxi den izen ematearen datuei erreparatuz gero.
Bai ludoteketan Aste Santuko Oporraldia egitaraurako, bai Zapo Txokon VIII. Gazte Astearen barruan gauzatuko diren ekintzetarako, izena emandakoen kopuru handia nabarmendu dute. Ludoteketan «iaz baino jende gehiago» apuntatu dela diote, 12 urtez beherako 87 haur guztira.
Zapo Txokon ere «gustora» daude izen ematearekin. Txikiagoen kasuan ez bezala, Gazte Astean parte hartzen dutenek antolatutako tailer edota txapelketen artean aukeratu eta nahi dutenetan izena eman dezakete, egitarau osoa egin beharrik gabe. Horrela, «zaila» da guztira zenbat gaztetxok parte hartuko duten esatea, «baina taldekako ekintzetan osatu diren talde kopuruak ikusita, jende asko» izango dela badakite gaztelekuko begiraleek.
Ekintzaz ekintza xehetuta, bizikleta irteerarako 32 lagunek eman dute izena, eta 61ek bisuteria tailerrerako. Kirol txapelketa eta bestelako lehiaketen artean aurten berrikuntza izango den mus txapelketarako 15 bikotek emana dute izena. Futbito txapelketan 24 talde ariko dira, eta 19 berriz saskibaloikoan. Futbitoan zein sakibaloian, parte-hartu ahal izateko ezinbestekoa da taldeak neska-mutilez osatutakoak izatea, eta kantxan beti neska eta mutilen kopurua parekatua izatea. Zapo Txokotik azaldu dutenez, "futbitoan taldeak 6-8 lagunekoak izan ohi dira, eta 5 edo 6koak saskibaloian".
Iazko lehen saiakerak izandako arrakastaren ondoren aurten berriro egingo dena patata tortilla lehiaketa izango da. Aurtengoan ere arrakastatsua izateko osagarririk ez zaio faltako, 34 taldek eman baitute parte hartzeko izena. Lehiaketa honetan 2 eta 4 lagun bitartean ibiltzen dira taldeak.
Lekunberri
Aste Santuko Oporraldirako eta Gazte Asterako izen emate epea aste honetan bukatu bada ere, badago Gazte Astearen barruko ekintza bat izen ematea oraindik zabalik duena.
Gaztetxoek Lekunberriko Beigorri abentura parkera apirilaren 12an egingo duten egun osorako irteera da ekintza hori. Dagoeneko 31 lagunek eman dute izena, baina autobusean oraindik tokia dagoenez, datorren asteazkena arte nahi dutenek izena eman dezakete Zapo Txokon.
Gazte Astearen programazioa, Aste Santuko Oporraldiarena bezala, apirilaren 10etik 14ra gauzatuko da.