Bi ilobak eskutik hartuta eramango ditu Peter Pan ikustera igandean Kursaalera. Ilobak biak atseginetan sartuko dira istorio musikatuan, liluraz eta barrez. Berak, ordea, antzokikoari so, Sekula Eztako Lurraldearen eta eguneroko errealitate errearen erdian zintzilik ikusiko du bere burua lehen aldiz, zin- tzilik eta tentelik. Wendyren eta Peter Panen sindromeak gogoratuko ditu kolpetik: emaztea lehena, bera bigarrena. Peter Panik ez omen dela -oroituko du-, ez bada Wendyrik, jasango, eramango eta txeraz artatuko duenik.
Wendyren sindromea da, hurkoari atsegina aldian aldiro ematen saiatzen denarena. Wendy denak ezinbestekoa ikusten du bere burua parejan; ezkontidea iraunkiro zoriontsu mantendu nahi izaten du; ez du nahi haserre dadin inoiz; ez du begi onez ikusten laguna etxeko lanetan, bera aurrean den bitartean: «Utzi, utzi Neuk egingo dut». Peter Pan guzti-guztien atzean Wendy bat dabil. Denok omen gara Wendy gure bizialdian noiz edo noiz.
Peter Panen sindromea, aldiz, da heldu nahi eza; inorengandiko nahitasun handia behar izatea; inoren txera, sostengu eta borondatearen premia atergabean debaldetan bizi izatea Halakoek gaztetatik heldurako saltoan huts egin dute. Irribarre betierekoa ezpainean, lankide fin; jolas amaigabea amets, lagunarteko zintzo; gozamen instanterokoa akuilu, gizartean arduratsu. Carpe diem. Itxura versus Etxura. Denok omen gara Peter Pan gure bizialdian sarri-sarri.
Pentsamenduokin, ilobak beren gurasoenean utzi eta bermuta lagunartean hartu ondoren, etxeko egongelara joango da bera, emaztearen baitara: Peter Pan Wendyren bila. Errealitatetik ihesi, Sekula Eztako Lurraldera albait.