ATAUN. DV. Udalak urtero antolatzen dituen ikastaro multzoaren barne, aurtengoan bi burutzeko asmoa du, herritarrengandik jasotako nahiei erantzunez. Ikastaroak, sukaldaritza eta argazkigintza digitala eta Photoshop alorrak jorratuko ditu.
Sukaldaritza, Iñigo Sanchez Urbieta jatetxeko sukaldariaren eskutik joango da. 20 orduko iraupena izango du ikastaroak eta larunbatetan izango da goizeko 10:00etatik 12:00etara. Matrikula 36 euro kostako da.
Photoshop ikastaroan, Cebanc-CDAak irakatsiko duenak, argazki kamera digitalak nola erabiltzen diren eta Photoshop programak argazkiak manipulatzeko ematen dituen aukera desberdinak irakatsiko dituzte.
Ikastaroak 30 orduko iraupena izango du, astean bi orduz banatuko dena.
Matrikula 30 euro ordainduko da. Izena emateko epea gaur osteguna, urtarrilak 25, itxiko da. Taldeak osatzeko eta antolatzeko gutxiengo kopuru bat izatea eskatzen da.
Plazari iradokizunak
San Martingo plaza eraberritzeko Udalak aurkeztu berri duen aurreproiektuari herritarrek aurkeztu nahi dizkioten iradokizun edo sugerentziak aurkezteko epea amaitzear dagoela eta, Udaletik gogorarazten da, ostiral honetan itxiko dutela herritarren ikuspuntuak jasotzeko epea.
Iritziak Udalari helarazteko moduak ondoko hauek dituzue: idatziz kontsejupeko buzoian utziaz, udal bulegoan aurkeztuaz edota ataun@udal.gipuzkoa.net e-mailera idatziz.
Jasotako iritziak aztertu eta barneratu ondoren, behin-betiko proiektua idazteari ekingo zaio, ondoren berriro herriari azaltzeko bilera batera deituko duelarik Udalak.