Nahasia dabil gure politika. Dena kakaztuta. Ez da giro, ez da bake, ez da arnasbide sanorik. Gauza larriak ari dira gertatzen. Politikan baino areago, justizian. Esku injustoetan dago justizia. Ikusi besterik ez dago egunotan hartu dituzten hainbat erabaki. Jarrai-Haika-Segiko gazteak terroristak omen atzera. Hemeretzi gazte atxilotuko ditu poliziak, orain baino lehen, kartzelara sartzeko. Kale borroka leporatzen diete, badakizu, terrorismo callejeroa. Hobe, baina, euskaraz: kale borroka. Gure hizkuntza ari gatzaizkie erakusten madrileñoei. Bada zerbait. Gaizki dago kutxazainak, kontainerrak, autobusak, telefono-kabinak, altzari urbano denetarikoak kiskaltzea, guztiz da gaitzesgarri eta bidegabe. Horregatik akordatu naiz Alcorcónekin. Hango gazteekin. Hankaz gora jarri dute auzo bat, txikitu dituzte ziren guztiak eta bost, arma zuri zorrotzez zauritu dituzte hiru gazte, beisboleko bateak dantzatu dituzte, aihotzak, David ttikiaren habailak, armarik beldurgarrienak. Seiheun gazte kalean, latindar gaizkileen kontra. Hura ez da, baina, terrorismo callejeroa, are gu-ttiago kale borroka. Ez da, hango alkateak adierazi duenez, biolentzia piztaldi bat ere. Ez dago arrazismorik, ez dago xenofobiarik, ez dago terrorismorik. Alcorcón herri lasaia da. Ez da beroaldi bat baino izan, horrelakoak gauero gertatzen omen dira edozein hiritan. Geureetan izan ezik, diot nik. Geureetan oso tarteka-marteka gertatzen dira, eta ez hain larriak. Baina Alcorcón ez dago Euskal Herrian, horixe dute bentaja. Bestela honez gero gainean lukete Entzutegi Nazionalaren legearen zigorra, eta beste hirurehun gazte kartzelan genituzke, kale borroka praktikatzeaz akusaziopean.