Hantxe aurkitu nituen senar-emazteak, supermerkatu handian, zein baino zein. Emaztea pozik, egundoko pagotxa aurkitu omen zuelakoan urtarrileko beherapenetan. Senarra marmar bizian, behin behar-eta:
-Berriro ere jarri ditek propaganda nazkagarri hori: «salneurri erdian». Zer arraio ote duk hori! Aurrekoan salatu nitian, baina ez alferrik. Edozer gauza egiten ditek euskararen izenean.
Eta nork geure bidea hartu genuen; eskuan genuela, badaezpada, erosgaien zerrenda. Bestela, azkenean, auskalo zer ez genukeen erosiko.
Hara eta hona ibili gara supermerkatuan barrena, bete zaigu gurditxoa, ordaindu dugu ordaindu beharrekoa, eta hor egin dugu topo berriro hirurok; oraingoan, senar--emazteak informazio-gunetik pasatu berri. Eta berriro ere, zein baino zein, baina batekoz beste.
Emaztea, marmar bizian, beherapenen iragarki nahasgarria dela-eta:
-Nahasteko besterik ez dute balio. Batean, «bi erosi eta bat ordaindu» iragarriko dute; hurrengoan, «bi ordaindu eta hiru eraman»; eta orain, «2. alea erdi prezioan»; alegia, «bi erosi eta bat eta erdi pagatu». Erotzeko modukoa!
Senarra, berriz, galtzetan kabitu ezinik zegoen, pozak gainezka:
-Joan gaituk emaztea eta biok informazio eske eta, zer esango neskak eta, bigarren alea dagoela erdi-prezioan. «Erdi prezioan» esan dit neskak, eta ez «salneurri erdian». Oraindik bagaituk. Gehiago balio dik gure senak, supermerkatuko sasi-hizkuntzalariaren sasi-jakintzak baino.
Nolako ahaleginak, supermerkatuetatik onik irteteko: alferrikako gauzarik erosi gabe, iruzurrik jasan gabe eta sartu bezain euskaldun.