Donostiako Danborradaren oihartzunekin, umorezko zutabea nekarren gaur. Umorea, baina, bat batean galdu zait zeharo, eta etsipen errea barreiatu burutik bihotzera minez: Auzitegi Gorenak «talde terroristako» kidetzat jo ditu Haika-Segi auziko 23 gazte euskaldun. Seina urteko kartzela zigorra, denak atxilotzeko agindua... Izorramendira eramandako gazte horietako bat ezagun oso hurbilekoa dugu etxekook: on argi fin zintzoa zinez, aita zorioneko egin berria, lagun handi baten semea, Igor Ortega. Lehen, delitu deklaraturik gabe, lau urte luze kartzela zuloan egina, eta orain bi gehiago egin beharko dituena zorigaitzez. Doala hemen, besterik ezinean, haren aldeko nire testigantza zalantza gabea. Bihoaz hemen gure laguntza sostenguak haren etxera: zuekin gauzkazue.
Abenduaren 30eko leherketa hiltzaile alimalekoaren hedatze uhinak direla erabakiok, diote batzuek. Bengan-tza hutsa dela, beste batzuek; zabal zabalduko omen direla zehar kalteak (Egunkaria, Udalbiltza, 18/98, ). Nemo me impune lacessit: «dena ETA da» jarri dute dogma. Baina «indio» guztiak ez daude tribuan gerlari, eta «onen» artean bada sheriff eta epaile su- -piztailerik. Arestiko denak terrorista badira, neu ez nabil aparte, euskaraz dihardudan unetik, jaioz gero ezkerti totala nabilen aldetik, abertzale (pittin bat) kontsideratzen naizen partetik. Gazte ez naizela: horrek nau libratzen. Paranoian paratu gaituzte beste behin ere Espainiatik: euskaldunon gainera hautsiko dituzte beren egur-adarrak errukirik gabe. Batetik ETA su-eta-gar, bestetik hainbeste puineta su-eta-fu, ez da atsegin gurean! Emigratzeko gogoa ematen du bai, nora edo hara. E.H.tik batzuetan. Espainiatik maiz.