EZKIO-ITSASO. DV. Besteetan egin den bezala aurten ere Sahararen aldeko euskal karabana antolatu dute, gure bailarako arduradunak Hare Haizea elkarteko kideak direlarik. Honekin, bai jakiak bai bestelako produktuak bidaltzen dizkiete saharar errefuxiatuei.
Sahararen aldeko karabana hau Euskal Herri mailan antolatzen da, horrela, guztien artean zer eraman behar den aukeratzen dute, leku bakoitzean gauza konkretu batzuk bilduz eta hara bidaltzeko momentuan dena errazago izanez. Horrela, aurten gure bailaran azukrea, atuna oliotan, konpresak eta dilistak (lentejak) bilduko dira, Ezkio-Itsason Udaletxean jasoko dituztelarik.
Esan bezala bailara osoak parte hartzen du kanpaina honetan. Legazpin, Zumarragan eta Urretxun eskola, ikastola, supermerkatu edo dendetan biltzen dituzten produktuak. Eskola eta ikastoletan aste honetan zehar bakarrik bilduko dira, baina beste lekuetan oraindik aste bete mantenduko da epea. Ezkio-Itsason urtarrilaren 29a arte materiala uzteko aukera egongo da.
Epeak amaitzen direnean Hare Haizeako arduradunek material guztiak bildu eta Urretxuko Udalekoek utzi dieten lokal batean gordeko dituzte. Lokala Gernikakako Arbola enparantzako harmaileen azpiko aldean dago. Dena biltzen denean Euskal Herrian bildutako materialekin elkartu eta saharara bidaliko dute.
«Oso inportantea da jendearen parte-hartzea, Saharan bizi den jendea benetan egoera oso larrian dagoelako. Horietako ume batzuk gure artean egoten dira udan, eta hau laguntzeko beste era bat da; baina Saharara joaten zarenean eta nola bizitzen diren ikusten duzunean laguntzeko gogo handia hartzen duzu. Beraz, jendearen solidaritatea eskatuko nuke», dio Antzina Urteaga Hare Haizeako kideak.
Mendebaldeko Sahara espainiar kolonia izan zen eta gaur egun Marokok okupatuta du; Nazio Batuek ez dute onartzen okupazioa. «Aurten arte Nazio Batuen aldetik laguntza bat jasotzen zuten Saharakoek, baina aurten laguntza hori ez diete eman eta benetan egoera larrian daude. Errakitismo kasu larriak aurkitzen dira umeen artean, adibidez», dio Antzina Urteagak.
Hala produktu hauekin edo diruarekin -produktuak erosteko-, lagundu nahi duenak egin behar duen gauza bakarra Udaletxeatik pasa eta bertan uztea da.